Nafarroan abortatzeko eskubidearen aldeko batzarrak solasaldia eskainiko du urtarrilaren 17an, ortziral arratsaldeko 6etan Elizondoko Arizkunenean. Abortatzeko eskubidearen txostenaren datuak plazaratu eta sexu eta ugalketa-osasunari eta haurdunaldia borondatez eteteari buruzko legearen erreformaren inguruko informazioa emanen dute.
Gure gorputza, gure erabakia
Gure gorputza, gure erabakia. Abortua doan eta aske osasungintza publikoan goiburupean Nafarroan abortatzeko eskubidearen aldeko batzarrak idatzia ere plazaratu du:
«Azkenean Madrilgo Gobernuak “Jaio ez dena babesteko Lege Organikoa” deitzen duten legearen aurreproiektua aurkeztu du. Denek ulertzeko moduan: emakumeek beren amatasunaz askatasunez erabakitzea ukatuko duen legea. Honek gaurko egoerarekin konparatua gibelerat egiten duen pausoa da. 1985eko legearekin zegoen egoera baino gogorragora itzuliz.
Hiru hauetaz gain, PPk nahi duen lege aldaketa hau ez da inongo datu edo ikerketan oinarritu. Egingo duen aldaketak ez dio errealitateari erantzuten. Abortatzen duten emakumeen %98ak lehenengo 14 asteetan burutzen dute haurdunaldiaren etetea. Lege zorrotzago batek ez du abortuen jaitsiera maila ekarriko baizik eta bide klandestinoetan egitea, segurtasun maila gutxiagorekin emakumeentzat. Ikerketek diotenaren arabera sexu hezkuntza politika egokien jaisten dituzte arrisku praktikak eta ondorioz abortuak ere».