Baztango eragile sozial desberdinek elkarlanean Jaime Izquierdo Vallinarekin, idazlea eta lurralde garapenean aditua den asturiarrarekin, tokiko garapenari buruzko solasaldia antolatu dute Elizondon. Mintzaldia Baztango etorkizuna tokiko garapenetik eraikiz: herritarren artean adostutako proposamenak izenburupean eginen da, gazteleraz, urtarrilaren 18an, larunbat goizeko 11:00etan Arizkunenea kultur etxean. Jakoba Errekondok eginen du aurkezpena.
Solasaldiaren antolatzaileak dira: EHNE, Elizondoko Lanbide eskola, Erdiz Bizirik, Hiruak Bat Baztan-Bidasoko landetxeen elkartea, Baztandarren Biltzarra, Barraskiloak kontsumo kooperatiba, Jo ala Jo kultur elkartea eta Baztan-Bidasoko hazien sarea, Udalaren eta Cederna-Garalurren laguntzaz. Antolatzaileen aniztasunak tokiko garapenari buruz Baztanen dagoen kezka erakusteaz gain herriko eragileen arteko elkarrizketa eta lanketa hasi berria adierazten du, baita tokiko garapenari buruzko ikuspegi jakin bat ere.
Jaime Izquierdo nor da?
Jaime Izquierdo Vallina (Asturias, 1958) geologoa eta idazlea da, Asturiaseko Gobernuko Administrazio Publikoko langilea. Tokiko Administrazioan eta Erregioko eta Estatuko Administrazioan ardura desberdinak izan ditu, beti, lurraldearen gaapenarekin eta inguruaren babesarekin harremandua. Badira hogeita hamar urte nekazal izaera bereziko lurraldeen garapena eta kontserbazioa bulkatzen dabilela. Hala, lurraldeen aitzinamendua eta ondarearen zainketa sustatzeko, tokiko nekazal kulturaren oinarri agroekologiko eta instituzionalen indartzea, komunitatearen garapen sozioekonomikoa eta inguruaren babesa jardun berean uztartzeko eginahalean dabil.
Berak egindako lanaren ondorioz sari batzuk jaso ditu, ikastaro eta mintegiak zuzendu, solasaldiak eman eta artikuluak eta liburuak idatzi; azken hauen artean aipagarriak dira: Manual para agentes de desarrollo rural: ideas y propuestas para moverse entre la conservación del patrimonio y el desarrollo local (2002); El regreso del señor Hoffmann y otros relatos de ambiente entero (2005); Marqueses, funcionarios, políticos y pastores: crónica de un siglo de desencuentros entre naturaleza y cultura en los Picos de Europa (2006) eta, Asturias, región agropolitana: las relaciones entre el campo y la ciudad en la sociedad posindustrial (2008).
1991n Europako Kontserbazioaren Saria jaso zuen. The British Conservation Foundationek ematen duen saria da eta Asturias Ekialdeko eskualde baten eko-garapen proposamenean aplikatutako bere ideiengatik jaso zuen.