Enplegu Babestuaren lana ezagutzera ematen duen erakusketa herriz herri dabil

TTIPI-TTAPA 2014ko urt. 9a, 11:56

Bi urtez erdira baino gutiagora murriztu da Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza

Baztango Udalak Enplegu Babestuaren berri emateko argazki erakusketa antolatu du. “Urteetan gure zenbait herritako karriketan langile hauek lanean ikusi ditugu, eta egin dituzten lanak ezagutzerat eman nahi dizkizuegu” aipatu zuten aurkezpenean. Abenduaren 19tik 31ra Elizondoko Arizkunenea Kulturetxean ikusgai izan zen eta aurten he­rriz herri ibiliko da.
 
Nafarroako Gobernuko murrizketen eraginaren islada da Enplegu Babestuaren programa ere.  2011. urtean 74.829,88 euroko dirulaguntza izan zuen eta 7 langile aritu ziren 11 hilabeteko proiektuan, Baztango bidexkak be­rreskuratzen, seinaliza­tze eta mantentze lanetan eta jendarte trebetasunak lantzen.  
 
2012an 48.456,83 eurora murriztu zen dirulaguntza. 9 langile aritu ziren zortzi hilabeteko proiektuan, markesina bat eraiki zuten Arizkungo Bergara auzoan eta trebetasun emozionalak, egonkortasun emozionala eta ardura per­tsonala eta enplegu bilaketarako teknikak landu zituzten. 
 
2013an, azkenik, 33.652,97 euroko laguntza izan zuten eta 11 langile aritu dira hamar hilabeteko proiektuan. Motozerraren erabilera, joskintza eta enplegu bilaketarako teknikak landu zituzten.
 
Aipatzekoa da azken bi urteetan begirale bat kontratua izan dela koordinazio eta kudeaketa lanetarako.
 
Elizondoko erakusketaren ondotik, 2014an herriz herri ibiliko da erakusketa. Arizkunen urtarrilaren 2tik 15era dago ikusgai; Amaiurko Otsondo barride elkartean urtarrilaren 16tik 29ra egonen da; Berroetako Batzartokian urtarrilaren 30etik otsailaren 12ra; Anizko elkartean otsailaren 13tik 26ra; Iruritako Damaso Zabalza Bilgunean otsa­i­laren 27tik martxoaren 12ra; Erratzun martxoaren 13tik 26ra; Gartzainen martxoaren 27tik apirilaren 9ra; Arraiozko batzartokian apirilaren 10eetik 23ra; Azpilkuetan apirilaren 24tik maiatzaren 7ra; Oronozko batzartokian maiatzaren 8tik 21era; Lekarozko Herriko Etxean maiatzaren 22tik ekainaren 4ra, Elbeten ekainaren 5etik 18ra eta Zigan ekainaren 19tik uztailaren 2ra.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun