Elizondoko Erabeta eta Menditurri inguruan eraki duten Foru Poliziaren komisaria berria inauguratuko du Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak gaur. 4.592 metro koadroko eremuan egin dute komisaria berria, eta eraikitako 684,75 metro koadro ditu. Aparkalekua eta helikopteroentzako azalera ere baditu. 11:00etarako egina dute inauguratzeko hitzordua.
Nafarroako Gobernuak eskualde osora bidali du inaugurazioan parte hartzeko gonbidapena, baina Baztan, Malerreka eta Bortzirietako Bilduk ekitaldian ez parte hartzea erabaki du, Elizondon lehenbiziko komisaria inauguratu zutenetik Foru Poliziak izan duen jarrera zein izan den ikusita. Bilduk prentsara bidalitako oharrean adierazi duenez, «2007ko otsailaren 28an Elizondoko komisaria inauguratu zen. Errepresore taldeak ekitaldian protesta baketsua egiteko asmoa zuen gazte koadrila kolpatu, identifikatu eta isundu zuen. Gazteen asmoa UPNren polizia politiko izaera salatzea bertzerik ez zen». Bilduren ustez, «lehenbiziko momentutik erakutsi zuten euren benetako jarrera zein izanen zen».
Komisariaren finantzaketaz ere aritu da Bildu prentsa oharrean. Lehenean Nafarroako Gobernuak 165.386 euro inbertitu zituela ohartarazi du eta honetan, «krisi garaian, lizitazio kostua 909.500 eurokoa izan da».
Tarte horretan Foru Poliziaren jarrerak «berdin» segitzen duela dio Bilduk eta adibideak ere eman ditu: «ezin ahaztu Elizondoko saihesbidearen inaugurazio ekitaldian izandako jarrera militarra sarrera guztiak itxiz herritarren presentzia saihesteko; edo osasun kontseilaria heldu zela eta, murrizketen aurkako protestan zonaldeko alkate eta zinegotzien kontrako bulkaldiak Donezteben; edo Elizondon Barcina lehendakaria zegoela eta, bat-batean sortutako protestaren aitzakian, komisariako burua izatea herritar batzuk salatu zituena isunduak izan zitezen».
Poliziak gaur egun dituen hainbat lan «beharrezkoak» direla onartu du Bilduk: «trafikoarekin zerikusia dutenak, kriminalitatearen aurkako lana... Baina delitu guztien gaineko ardura ezin da soilik polizien gainean utzi, eta inolaz ere ez polizia hau interesatua, anti-demokratikoa eta bertze gairai bati dagozkion moduak erabiltzen dituena baldin bada». Hala, «jendarte osoaren alde lan eginen duen polizia zibil, euskaldun eta demokratikoa» behar dela uste du Bilduk: «giza eskubideen alde lan eginen duena, errepresioan baino prebentzioan eta heziketan oinarritutako politiken ardurapean lan eginen duena». Horretarako, jarrerak ez ezik, «baliabideak –sosak, azpiegiturak...– aldatu behar direla» erran du koalizio abertzaleak, «errepresiogilea den eredu batetik prebentiboa izanen den eredu batera».