Elizondoko herriak 27.545 euroko irabaziekin kitatu zuen 2013. urtea, Errege Eguneko batzarrean Mikel Sobrino alkateak eta Xabier Torres eta Luis Mari Laurnagarai kargodunek emandako kontuen arabera. Lehendik ere 11.506,57 euro zituela kontuan hartuz, Elizondoko herriaren saldoa 39.051,96 eurokoa da. Joan den urteko diru sarrerak 148.857,13 eurokoak izan ziren bitartean, gastuak 121.311,74 eurokoak izan ziren. Diru-sarrerarik handiena, ohikoa denez, herritarren aportazioa izan zen (35.684,88 euro), Santiago bestetan bildutakoa (25.903 euro) eta udazkeneko azienda ferian postuak jartzeagatik kobratzen den tasa (24.232,40 euro). Ohikoa ez dena, Ermitegi inguruan oihanberritze lanak egiteko Europatik jasotako 27.106,21 euroko dirulaguntza izan zen. Baztango Udalak ere 13.377,26 euro eman ditio Elizondoko herriari. Gasturik handiena Santiago besten antolaketa izan zen. 57.825,68 euro erabili ziren bestetan, 2012an baino 4.000 euro gutiago. Auzolanean egin ziren Ermitegiko oihanberritzerako eta bertze azpiegitura lanetarako 7.941,96 euro erabili ziren. Aseguruetan 5.059,60 euro gastatu ziren, udazkeneko ferietan 4.783,35 euro, Orakunde besta antolatzen 4.564,96 euro, El Pilarreko frontoia eta instalazioen alokairuan 3.540 euro eta Braulio Iriarte karrikako espaloiak egiten 2.186,50 euro. Bertze kopuru ttikiagoak musika banda, Baztandarren Biltzarra edo Txaruta pilota eskolaren dirulaguntzetan joan ziren, baita udan Saharako neska-mutikoen egonaldian edo Santa Engraziako baselizan ematen den hamaiketakoan, bertzeak bertze.