Elizondoko Casino elkartea egin ahal izateko Baztango Udalak bere garaian lurzoruaren 100 urteko zesioa egin zuen. Zesio horren epea 1964. urtean akitu egin zen. 2011n Casino elkarteko kideak udaletxera joan ziren eraikina elkartearen izenean jartzeko tramiteak egitera, baina paperetan Casinoren eraikinaren inguruko jabetza eskubiderik ez dagoela ikusi ahal izan zen, hau da, Casino elkarteak ez duela eraikinaren gaineko jabetza eskubiderik. Gauzak horrela eta egoera zein den argitze aldera, Baztango Udalak beharrezkoa ikusi zuen txosten bat egitea eraikinaren jabea nor den jakiteko. Ikerketa horrek dio lurzoruaren gainean ez dagoela zalantzarik eta Baztango Udalarena dela, baina eraikinaren jabetzaren gainean zalantzak daudela.
Txostenaren emaitza 2012ko abenduan hartu zen Baztango Udalean. Orduan jakin zuen Udalak, Casino elkarteko ordezkariak eskrituretan moldaketak egin ondoren, eraikinaren obra bere izenean erregistratu zutela. Udalak zalantzak ditu ea erregistro hori legezkoa izan den ala ez, prentsaurrean jakinarazi dutenez.
Hala ere, epaiketetan hasi baino lehen Baztango Udalak Casinoko ordezkariekin biltzeko asmoa zuen posizioak argitzeko eta epaiketak saihesteko. Horretaz gain, Udaletik argi utzi nahi izan dute «helburua ez dela bertan egin diren inbertsioen eta lanen ondotik Casino elkartea kanporatzea eta eraikina hustuaraztea, baizik eraikinaren jabetza publikoa aitortuz oraindik zehazteko dagoen akordio bat egitea eta horren arabera erabilera eskubidea arautzea».
Bilera hau gauzatu baino lehen epaitegietatik Casino elkartetik demanda baten berri izan zuten Balleko Etxean. Demanda horretan Casino elkarteak Udalarena den lurraren gaineko erreklamazioa egiten du. Hau ikusita «lurra eta eraikinaren defentsan dituen baliabide guztiak» jarri ditu Baztango Udalak, «dudarik gabe, jabetza publikoaren defentsak, administrazio publikoaren lanetan lehentasunezkoa izan behar du eta hori da Baztango Udal Gobernu honek eginen duena», diote.
Batzar informatiboa urtarrilaren 3an
Baztango Udal Gobernuaren ustez, Diario de Noticias egunkariak gai honen inguruan «manipulazio interesatua» egin du eta gauzak argitze aldera, batzar Informatibo batera deitu ditu interesatuak dauden herritar guztiak. Batzarra Arizkuneneako sabaian eginen da urtarrilaren 3an, ortziral arratsaldeko 6:30ean.