«Eguneroko sukaldaritzaren gozamena, erabilgarri eta erakargarria, euroei probetxu ateratzen lagunduko dizuna». Horrela aurkeztu dute Xabier Landa eta Carmen Garcia Romero iruritarrek argitaratu berri duten liburua, “Cocina original”. Aurkezpen ofizial abenduaren 21ean, larunbat arratsaldeko 7etan eginen dute Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxeko hitzaldi aretoan. Pantxo Etxebere Pottoka musikariak ere bere emanalditxoa eskainiko du.
Egileek diotenez, liburu honetan «gure arrantzaleen, artzainen, monasterio zaharretako fraide-seroren eta etxeetako sukaldarien errezetak» bildu dituzte, baita «Baztango kultura eta lehengaiak: nola egokitu urritasun garaietara».
Horregatik ezin hobeki ikusten dute Pottoka kantuz aritzea: «Bere kabuz sortutako proposamena izan zen eta ezin hobe uztartzen da liburuaren filosofiarekin, bera ere artzaina da eta badaki produktu guziei probetxua ateratzen».
Artzain, arrantzale edo amatxiei omenaldia egiteaz gain, liburu honek gizarte konpromisoa ere adierazten dutela aitortu digu Carmen García Romerok, «euroei probetxua ateratzeko». Helburu horrekin, eta larunbateko aurkezpen ofiziala baino lehen, abenduaren 11n halako topaketa eta esperientzia trukaketa egin zuten Bidelagun elkarteko kideekin.