Nafarroako Enpresa Simulatuen IV. azoka egin zen azaroaren 22an Lekarozko Institutuan, Elizondoko Lanbide Eskolak antolatuta. Nafarroako Lanbide Heziketako ikastetxeen artean urtero egiten den ekimena da, enpresen arteko jarduera komertziala sustatzeko eta salerosketa egiteko helburuarekin. Lanbide Heziketako Goi eta Erdi Mailako zikloetako ikasleek parte hartzen dute eta azaroaren 22ko topaketan, Lekarozko ikasleekin batera, Lizarra, Tafalla eta Iruñeko Maria Ana Sanz, Donapea eta Cuatro Vientos institutuetakoak bildu ziren. 300 ikasle inguru eta 31 enpresa simulatu. Enpresa simulatu hauetan, benetan salerosten ez den produktu edo zerbitzu baten eskaintza egiten dute ikasleek, eta ondotik enpresa baten jardueran sortzen diren hainbat egoeren kudeaketa administratiboa egiten dute, Elizondoko Lanbide Eskolatik adierazi dutenez, «gaur egun enpresa munduan erabili ohi diren teknologia eta programa informatiko berriztatzaileez baliaturik».