Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuak eskatuta, Europako Life Tremedal programaren baitan, Alkurruntzeko hezeguneko egokitze lanetan aritu dira Tasubinsako lau langile. Ezintasunen bat duten hiru langilek eta monitoreak enborrekin dikeak egin dituzte ur-korrontea bideratzeko, aziendak ez igarotzeko itxidurak paratu dituzte, desbroze selektiboa egin eta panel interpretatiboak kokatu dituzte. Patxi Alzuarte monitoreak aipatu digunez, «berez gisako lanak eginak genituen Urdazubin eta Zugarramurdin, baina Alkurruntzen ailegatzeko arazo gehiago izan ditugu. Hortaz, todoterrenoa hartu eta zenbait bidai egin behar izan ditugu, nahiko astuna zen materiala garraiatu ahal izateko. Eguraldiak ere ez digu lagundu, euri aunitz egin du, baina halere, lan handia egin dugu eta harro gaude».