Mendien antolatze Plana akitzekotan da Balleko Etxea

TTIPI-TTAPA 2013ko abenduaren 13a

Igor Erbiti eta Martin Mindegia ingeniariek idatzi dute

Udalak azkeneko urte eta erdia Baztango mendien antolatze-plana egiten eman du eta, hemendik guttira, prest egonen da. Baztan 375 kilometro kuadroko hedadura duen udalerria da, zatirik gehienskoena mendia eta puska handi bat oihana. Plan honen bidez mendiko erabilerak antolatuko dituzte. Planaren idazketa arauzko prozedurari jarraikiz, Nafarroako Gobernuak Martin Mindegia eta Igor Erbiti ingeniariei eman zien, Nafarroako Gobernua baita planaren idazketa ordaintzen duen erakundea.
 
Akitu hurren den he­rriko mendien antola­tze-planean, ber­tzeen artean, etxeetako egur loteetarako eremuak zehazten dira. Modu berean, egur loteak etxeetarat eramateko eremuak ere aurreikusi dira. Bertzalde, udalerriak izan dezakeen biomasa beharraz horni­tzeko zenbat lehengai dagoen kalkulatzen da. Urtero mendian egin beharreko lanak ere planean idatzirik daude: bakantzeak, inausketak, mendia ongi egoteko lanak... Bailarako herritar eta erakundeen beha­rrak asetuta, salmentarako egon daitezkeen loteak ere kalkulatzen ditu. Azkenik, kontu aipagarrienen artean, egin beharko liratekeen pistak eta mendiko azpiegiturak ere badaude.
 
Horrekin guztiarekin Baztango mendiak ondoko hamar urteetarako antolatuak geldituko dira eta horien kudeaketa aunitzez errexagoa izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun