Liztor asiarrari aurre egiteko hitzarmena sinatu dute Baztango Udalak eta Ehiztari eta Arrantzale Elkarteak

TTIPI-TTAPA 2013ko abenduaren 19a

Otsailetik urrira tranpak jarriko dituzte

Liztor asiarrari Baztanen aurre egiteko jarraitu behar diren jarduketak arautzeko xedearekin elkarlan hitzarmena sinatu dute Balleko Etxeak eta Baztango Ehiztari eta Arrantzaleen Kirol Elkarteak. Bertzeak bertze herritarrei argibideak ematea, kexak kudeatzea eta liztor-habiak ezabatuko dira.

Liztor asiarrari Baztanen aurre egiteko jarraitu behar diren jarduketak arautzeko xedearekin elkarlan hitzarmena sinatu dute Balleko Etxeak eta Baztango Ehiztari eta Arrantzaleen Kirol Elkarteak. Bertzeak bertze herritarrei argibideak ematea, kexak kudeatzea eta liztor-habiak ezabatuko dira.

Baztango Udalak 6.935 euro ordainduko dizkio Ehiztari eta Arrantzaleen Kirol Elkarteari eta honek hamar hilabetez, otsailetik urrira bitarte, hainbat tranpa paratuko ditu liztor asiarrak harrapatzeko. Otsail eta martxoan tranpa gehiago paratuko ditu, erreginak harrapatzeko aukera handiagoa baitago. Elkarteak, tranpen jarraipena egiteaz gain, konpondu eta bilduko ditu, harrapatzen diren intsektuak aztertuko ditu eta, 15 egunean behin, substantzia erakargarria berrituko du. Behin habiak topatuta, Ehiztari eta Arrantzaleen Elkarteak habiak suntsituko ditu, ingurumenari kalterik eraginen ez dioten sistemak edota metodoak erabiliz.

Baztango Ehiztari eta Arrantzaleen Kirol Elkarteak harremanetarako puntu bat ezarriko du (dela posta elektroniko bat, dela telefono zenbaki bat, dela faxa), Baztango edozein herritar haiekin harremanetan jar dadin, liztor asiarrei buruzko argibidea eta laguntza behar izanez gero. Era berean, herritarrak kontzientziatze aldera, Ehiztari eta Arrantzaleen Kirol Elkarteak gutienez bi solasaldi eginen ditu herritar guztiendako irekiak, baita Baztango ikastetxeetan ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun