Erdiz Bizirik taldeak Erdizeko bazkaleku komunalak Baztango ekonomia errealean duen garrantzia azpimarratu nahi du eta, horretarako, Baztango egitura ekonomikoari buruz azken aldian argitaratu diren datuak aipatu nahi izan ditu.
Hasteko, bazkalekua inoiz baino baserritar gehiagok erabili dute aurten, denera 100 baserritarrek hain zuzen. Horrela, guztira 500 behi buru pasa, 162 zaldi-behor buru eta 836 ardi buru alatu dira Erdizen. «Datuek ez dute zalantzarako tarterik uzten, Erdizeko bazkaleku komunala Baztango nekazariendako behar-beharrezkoa da eta sektore ekomiko estrategiko horren oinarrizko baliabidea da», Erdiz Bizirik taldeak dioenez. Hori erranik, aurtengo turismoari buruzko datuak ere aipatu dituzte. Baztango turismo bulegoak inoiz baino turista gehiago erregistratu ditu, %28 gehiago uztailean eta %94 gehiago abuztuan. Erdiz Bizirik taldearen ustez, «Baztanerat etortzen diren turistak Baztango inguruaz gozatzera heldu dira, Baztango kultura paisaiaz. Nekazariek eraiki dute nortasun eta erakarpen bereziko kultura paisaia hori, Baztanen estrategikoa den turismo sektorearen –landetxeak, jatetxeak, errotak, abentura kirolak…- bizkarrezurra da».
Bertzalde, joan den urriko Elizondoko feriek aspaldian izandako erantzunik jendetsuena izan dutela ere azpimarratu nahi izan dute: «Alde batetik Elizondoko Herriak nekazariekin azkeneko bortz urteetan egindako lanari esker merkatuko plazak zuen irudi ederra, eta, bertzetik, EAEn besta eguna izanik, ehunka jendek Elizondorat etortzeko egin zuten aukera. Halaber, azaroaren hasieran egindako Kirikoketa bestak ere sagardogintzak sektore produktibo moduan Baztanen duen ahalmena erakutsi zuen eta, horrekin bat, sagardogintzaren kulturak turistak erakartzeko duen ahalmena ere bai. Halaber, irailean egindako behi-azienda pirenaikoen feriak sektore honen garrantzia nabarmen uzten du».
Datu hauek guztiek zera erakusten dute Erdiz Bizirik taldearen arabera: «Baztanen eragin handia duen errealitate ekonomiko konplexu eta garrantzitsua dago. Bertako ohiko jarduerek, ondare komunalak eta jende aunitzen lanak eraikitakoa eta, azkeneko urteetan gorabidean ari dena. Horren baitan Erdizeko bazkaleku komunala dago. Hala, Magnaren Erdizeko proiektuak eta Baztango Garapenerako Elkarteak horri ematen dion babesak, ekonomia egitura hori guztia mehatxatzen du». Azkenik, «hamaikagarren aldiz Erdiz Aldude Mendi izeneko Babes Bereziko Eremuan dagoela» oroitarazi nahi dute Erdiz Bizirik taldekoek eta Europako legediak bertan harrobia egitea debekatzen duela.