Elizondoko ur-depositu berria inauguratu dute

TTIPI-TTAPA 2013ko azaroaren 28a

Nafarroako Gobernuko, Baztango Udaleko eta Iturri-Ederra elkarteko agintariak, depositu berrian. Nafarroako Gobernua

Lanen kostua 692.000 euro ingurukoa izan da eta Nafarroako Gobernuak %90a ordaindu du

Elizondoko ur-depositu berriaren inaugurazioa egin zen azaroaren 8an. Lanen kostua 692.000 euro ingurukoa izan da eta Nafarroako Gobernuak %90 ordaindu du, 622.782 euro. Depositu berriari esker nabarmen handituko da erregulatzeko gaitasuna. Horrek hornidura-bermea hobetuko du eta Elizondoren banaketa-sarean presio handitu, orain artio herriko toki batzuetan eskasa izan baita. Horniketak kalitate aunitzez handiagoa izanen du eta baldin­tzak ere hobeak izanen dira kontsumitzaileentzat. Lehengo depositua ponpaketa metatzeko instalazio gisa erabiliko da, eta bertatik depositu berrira eramanen da ura. 
 
Inaugurazio ekitaldira Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea, Garbiñe Elizegi Baztango alkatea, José Javier Esparza Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Patxi Pérez Toki Administrazioko zuzendari kudeatzailea eta Luis Miguel Lameiri­nhas Iturri-Ederra uren elkarteko lehendakaria joan ziren.
 
Instalazio berria hormigoi armatuzko ganbera biko depositua da, 1.700 m3ko edukierakoa. Lehengo depositutik pasatzen da ura depositu berrira ponpaketa-sistema berri batekin. Depositua Mariezcurrena eraikuntza enpresak eraiki du hamar hilabetean.
 

Bederatzi herritan

Elizondon inauguratu ziren obrez gain, Baztango bederatzi he­rritarako (Irurita, Lekaroz, Ziga, Zigaurre, Gartzain-Aintzano, Ariztegi, Etxerri, Arraioz eta Arrazkazan) uraren goi-hornikuntzako konponbide bateratuaren bigarren faseko obrak ere akitu dira. Obra horiek burutzeko, Nafarroako Gobernuak 268.760 euro eman ditu, hau da, kostu osoaren % 90.
 
Bigarren fasean sistemaren hasierako baliabideak indartu dira, iturburu berriak hartu eta hurrengo faseak gauzatzea ahalbidetu da, baliabide berri horiekin proiektu honetan sartzeke dauden gainerako herriak hornitzeko.
 
Iruritako konponbidea ez dago guztiz akituta, Irurita eta Lekaroz herriak soilik hornitzen baitira proiektu horren bidez. Gogorazi beha­rrekoa da, proiektuaren lehenengo fasean Lekaroz eta Iruritako deposituetara doazen hoditeria nagusiak berritu zirela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun