Euskararen Eguna ospatzeko kalejira alimalea eginen da

TTIPI-TTAPA 2013ko azaroaren 28a

Euskararen normalizazioari bulkaldi berria eman nahi zaio ‘nirekin euskara, eskualdunak baikara’ goiburupean

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da eta Baztanen ere «euskararen normalizazioari bulkaldi berria» emateko asmoarekin hainbat ekitaldi antolatu dituzte, Nirekin eskuara, eskualdunak baikara! goiburupean. Honela, goizean eta eguerdian, herri guztietan musika, haurrendako jokoak, animazioa, dantzariak, bazkariak, laxoa partidak, txopo landatzea eta gisakoak izanen dituzte. 16:30­ean Elizondon kalejira alimalea eginen da. Irteera hiru puntu desberdinetatik eginen dute: Elbeteko plazatik, Baztan Berri plazatik eta BMtik. Bidean barna zein hasiera eta akabailako ekitaldietan animazioa, fanfarreak, kankailuak, joaldunak, kantaldia, antzerkia, txistulariak, txokolatada, bertsoak, dantzariak eta xinger-jatea izanen dira.
 
Baina euskararen inguruko ekitaldiak ez dira egun bakarrera mugatuko abenduan. Abenduaren 2tik 16rat UEMAko erakusketa ikusgai izanen da Ariz­kunenean. Abenduaren 1ean, igandean, Jokoaut antzezlana eskainiko du Pikor Teatro Taldeak 19:00etan Iruritako Gizarte Bilgunean. Abenduaren 5ean, Hizkuntza ekologia solasaldia eskainiko du Eusko Ikaskuntzako Belen Urangak Arizkunenean 19:00etan. Abenduaren 7an, Euskokultur erakundeak ahozko ondarearen aurkezpen ekitaldia eginen du 17:00etan Balleko Etxean. Hilaren 9an Alkasoroko Bentaren aurkezpena eginen du Mikel Tabernak Anizko elkartean eta arnasguneen gaineko tailerrak eginen ditu UEMAK 10ean eta 12an Ariz­kunenean. Abendu hondarreko bertze ekitaldien berri hurrengo alean emanen dugu. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun