Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da eta Baztanen ere «euskararen normalizazioari bulkaldi berria» emateko asmoarekin hainbat ekitaldi antolatu dituzte Baztango Eskualgintzak eta zenbait eragilek, Nirekin eskuara, eskualdunak baikara! goiburupean.
Azaroaren 27an Baztango Euskalgintzak egindako agerraldian aipatu zuenez, «2003. urtean Oinarriak taldeak deituta Elizondon egin zen manifestazio arrakastatsu hartatik hamarkada bat pasatu den honetan, orduan bezala, aurten ere abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuz mobilizazio erraldoia egin nahi dugu». Euskalgintzak jakin badaki administrazioan aitzinamendu handia egin dela azken urte hauetan, baina pauso hauek guztiak «euskararen normalizazioan lagungarriak ez ezik behar-beharrezkoak dira, baina ez nahikoak. Gure hizkuntzak administrazioa beharrezkoa duen gisa berean, herritar guztien mingainak behar ditu. Hortaz, erabilera izanen da ondoko urteetan Baztango Euskalgintzak hauspotu nahi duen eremua».
Abenduaren 3ko egitaraua
Horregatik, Baztango Euskalgintzak eta zenbait eragilek egun horretarako ekitaldiak prestatu dituzte, goizean eta eguerdian, herri guztietan musika, haurrendako jokoak, animazioa, dantzariak, bazkariak, laxoa partidak, txopo landatzea eta gisakoak izanen dituzte. 16:30ean Elizondon kalejira alimalea eginen da. Irteera hiru puntu desberdinetatik eginen dute: Elbeteko plazatik, Baztan Berri plazatik eta BMtik. Bidean barna zein hasiera eta akabailako ekitaldietan animazioa, fanfarreak, kankailuak, joaldunak, kantaldia, antzerkia, txistulariak, txokolatada, bertsoak, dantzariak eta xinger-jatea izanen dira.
Bertze ekitaldiak
Baina euskararen inguruko ekitaldiak ez dira egun bakarrera mugatuko abenduan. Abenduaren 2tik 16rat UEMAko erakusketa ikusgai izanen da Arizkunenean. Abenduaren 1ean, igandean, Jokoaut antzezlana eskainiko du Pikor Teatro Taldeak 19:00etan Iruritako Gizarte Bilgunean. Abenduaren 5ean, Hizkuntza ekologia solasaldia eskainiko du Eusko Ikaskuntzako Belen Urangak Arizkunenean 19:00etan. Abenduaren 7an, Euskokultur erakundeak ahozko ondarearen aurkezpen ekitaldia eginen du 17:00etan Balleko Etxean. Hilaren 9an Alkasoroko Bentaren aurkezpena eginen du Mikel Tabernak Anizko elkartean eta arnasguneen gaineko tailerrak eginen ditu UEMAK 10ean eta 12an Arizkunenean. Abendu hondarreko bertze ekitaldien berri hurrengo alean emanen dugu.