Emakumeenganako indarkeriaren kontrako nazioarteko egun honetan, Plazara Dantzara ekimenak, Baztango neskek, emaztekiek, andreek... mutildantzetan parte hartu nahi izateagatik jasaten duten indarkeria salatu nahi izan du, prentsa-ohar baten bidez.
«Jende aunitzen ahoan ele zuriak adituko diren egunean, gure herrietako plazetan dantzatu nahi izateagatik jaso behar izan ditugun eraso fisikoak, bulkaldi zakarrak, irain eta laidoak» salatu nahi izan dituzte. Dantza parekideei batzuk egiten dieten boikota ere salatu dute, «indarkeria modu lausoagoan gauzatzen dutelakoz».
Horrela, mutildantzetan eta bizitzako gainerako arloetan emaztekiek «jasaten dugun eta jasan izan dugun menperaketa, sexu-genero dominazio egitura sozial baten testuinguruan ulertu beharra dago. Modu horretan, orain artio plazako momentu nagusiak adibidez gizonezkoenak izateak, dominazio egitura horri erantzuten dio; emaztekien menperaketan eta bazterketan oinarrituriko egitura patriarkalaz ari gara».
Hala, guztiz itsusia eta hipokrita iduritzen zaio Plazara Dantzara taldeari «emakumeenganako indarkeria forma batzuk gaitzesten ibiltzea, eta gero, mutildantzetan, lehen lerroan emaztekien kontrako bazterketan aitzindari izatea. Hipokresia eta itsuskeria hori kasu eta egoera guztietan onartezina bada, hautetsi politikoen kasuan onartezinagoa da».