Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Aroztegiko proiektua gelditu delakoz kontent agertu da Baztango Udal Gobernu taldea

TTIPI-TTAPA 2013ko aza. 22a, 12:34

Garbiñe Elizegi, Jon Elizetxe, Florentino Goñi eta Jose Angel Garcia Iruñean egindako agerraldian. Utzitako argazkia

Epaitegiak argi utzi du proiektu «burugabea» legez kontrakoa dela

«Hamaika oztopo gainditu ondotik» Baztango Udal Gobernu taldea kontent agertu da prentsaurrean, Lekarozko Aroztegiko proiektu urbanistikoa bertan behera utzi duelako Nafarroako Justizia Goi Epaitegiak (TSJN). «Zorionez, udal gobernu honek hainbat herritarren zein teknikoren laguntzarekin lortu du proiektu burugabe hau gelditzea. Horregatik eskertu nahi ditugu helburua lortzen lagundu gaituzten guztiak» adierazi dute prentsaurrean Garbiñe Elizegi Baztango alkateak, Bilduko Jon Elizetxek, Baztango Ezkerrako Florentino Goñik eta Lekarozko alkate den Jose Angel Garciak.

«Hamaika oztopo gainditu ondotik» Baztango Udal Gobernu taldea kontent agertu da prentsaurrean, Lekarozko Aroztegiko proiektu urbanistikoa bertan behera utzi duelako Nafarroako Justizia Goi Epaitegiak (TSJN). «Zorionez, udal gobernu honek hainbat herritarren zein teknikoren laguntzarekin lortu du proiektu burugabe hau gelditzea. Horregatik eskertu nahi ditugu helburua lortzen lagundu gaituzten guztiak» adierazi dute prentsaurrean Garbiñe Elizegi Baztango alkateak, Bilduko Jon Elizetxek, Baztango Ezkerrako Florentino Goñik eta Lekarozko alkate den Jose Angel Garciak.

Udal Gobernu taldeak bertan behera gelditu den proiektuaren berri eman zuen: «Aroztegiakoa Lekarozen 40 hektareako lur sailaren birkalifikazioa, 252 etxebizitza, golf zelaia eta lau izarretako hotela egiteko proiektua zen. Aurreko legealdian Palacio de Aroztegia, S.L. enpresak, NaBai eta UPNren babesarekin, bideratu nahi izan zuen proiektua izan da. Lur hauen modifikazioa 2010. urtean egin zen. Hasieratik Lekarozko herritarrak herri galdeketa baten bitartez lur hauen birkalifikazioaren aurka agertu ziren. Bertzalde, modifikazio honen aurrean Aroztegia…eta gero zer? Plataformak helegitea jarri zuen».

Gaur egungo udal gobernu taldeak, legealdi hasieran proiektu honek ez zuela baztandarren interes orokorra helburu, «eta 300 biztanleko herri batean 252 etxebizitza egiteak Baztango egitura guztiz hautsiko zuela». Bertze aldetik, aurkeztutako proiektuak «akats gaindiezinak eta legearen kontrako planteamenduak zituen». Modu honetan, promotoreari jakinarazi zitzaion etxebizitzak alde batera utzita Udala prest zegoela erdibide bat bilatu eta hotela zein golfa onartzeko. Enpresak uko egin zion aukera honi. Udalak orduan, «arduraz jokatu eta indemnizazioak saihesteko, proiektu hau araudira egokitzeko beharrezkoak ziren moldaketak egiteko eskatu zion enpresari, eta honek Udalaren eskaerei entzungor egiteaz gain, epaitegietarat jo zuen udalaren kontra».

Aroztegia… eta gero zer? Plataformak jarritako helegitearen sententzia atera zen urriaren 10ean eta epaitegiak argi utzi zuen proiektu hau legez kontrakoa zela. Beraz, modifikazioa bertan behera gelditzen da eta birkalifikatutako lurrak hasierako egoerara itzuliko dira.

Baztango udalak proiektu hau geldiarazteko eta legea betearazteko hamaika oztopo gainditu behar izan dituela jakinarazi du eta hamaika modulan erran ziola Nafarroako Gobernuari proiektu honek ez zuela araudia betetzen. «Bai NaBaik aurreko legealdian Baztango Udaletik, bai UPNk Nafarroako Gobernutik, proiektu ilegal bat bultzatu zuten jakinda horrela zela» diote. Eraberean, udal gobernu taldeak jakinarazi nahi izan du «bai NaBaik eta baita UPNk ere, teknikoen kontrako txostenak izanik, aurrera jarraitu zutela egitasmo honekin legedia guztiz makurtuz, interes espekulatzaileekin bat eginez. Lan honetan bidelagun izan dituzte zenbait komunikabide, eta beraien sinesgarritasuna ere nahiko maingu gelditu da. Beren jokaera arduragabearen ondorioz diru publikotik, milioitako indemnizazioak ordaintzeko arriskuan jarri gaituzte herritar guztiak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun