Aitzinera segitzen du Bertsolari Txapelketa Nagusiak. Larunbatean bosgarren finalaurrekoa jokatuko da Elizondon, bigarren itzuliko lehenbizikoa. Sei bertsolari igioko dira oholtzara finalerako txartelaren bila: Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Iñigo Mantzisidor Mantxi, Jokin Uranga, Julio Soto eta Unai Iturriaga.
Finalaurrekoetako bigarren itzulian aldatu eginen da bertsolariek egin beharko lana. Hala, hasteko binaka hiruna bertso bota beharko dituzte hamarreko handian, gero binaka hiruna bertso zortziko tttikian, ondotik, bertze hiruna bertso hamarreko ttikian. Hori egindakoan, binaka, zortziko ttikian puntutan zortzi bertso osatu arte ari beharko dute eta bukatzeko kartzelako lana, banaka, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Saioa 17:30ean hasiko da eta Baztan pilotalekuko ateak ordubete lehenagotik irekiko dituzte. Sarrera guztiak salduak direnez, ez dute takilarik zabalduko. Sarrerarik ez duenak, hala ere, saioa Hitzetik Hortzeran edo bertsoa.com-en segitu ahal izanen du zuzenean.
Finalaurrekoetako lehen eta bigarren itzulietako puntuazioak batuko dituzte bertsolariek. Bigarren itzulia bukatuta, puntuaziorik onena duten zazpi bertsolariek abenduaren 15ean kantatuko dute, Maialen Lujanbiorekin batera.