Nafarroako Enpresa Simulatuen IV. azoka ortziral honetan eginen da Lekarozko Institutuan, Elizondoko Lanbide Eskolak antolatuta. Nafarroako Lanbide Heziketako ikastetxeen artean urtero egiten den ekimena da, enpresen arteko jarduera komertziala sustatzeko eta salerosketa egiteko helburuarekin. Lanbide Heziketako Goi eta Erdi Mailako zikloetako ikasleek parte hartzen dute.
Enpresa simulatu hauetan, benetan salerosten ez den produktu edo zerbitzu baten eskaintza egiten dute ikasleek, eta ondotik enpresa baten jardueran sortzen diren hainbat egoeren kudeaketa administratiboa egiten dute, Elizondoko Lanbide Eskolatik adierazi dutenez, «gaur egun enpresa munduan erabili ohi diren teknologia eta programa informatiko berriztatzaileez baliaturik».
Azoka 09:30ean zabalduko dute. 10:00etan ongietorria eginen dute eta 10:10ean inaugurazioa. 10:20etik aitzinera aurkezpenak eta kudeaketak eginen dituzte eta 12:15ean zozketa eginen dute. 12:30ean oroigarria banatuko dute eta 13:00etan itxiko dituzte azokako ateak.
Elizondoko Lanbide Eskolan bi enpresa simulatu
Bi dira Elizondoko Lanbide Eskolan dituzten enpresa simulatuak. Alde batetik, Baztan Likoreak, SAS. 2000. urtean sortu zuten, Arizkungo Ordoki auzoan dagoen Licores Baztan, SA enpresa eredutzat hartuta. Enpresa honek likoreak saltzen ditu, baita urrekin egindako txokolatea ere Malkorra enpresaren laguntzarekin.
Bertze enpresa simulatua Baztaneko, SLS da. 2010ean sortu zuten eta bertako produktu ekologikoak saltzen ditu: gazta, gaztanbera, arrautzak, oilaskoak, txistorra, odolkiak, magra eta ukenduak.
Azokan ikasleek beren hornitzaile eta bezero diren enpresa simulatuetako ikasleekin egon eta negozioak egiteko aukera izanen dute. Horrez gain, beraien enpresak eta berrikuntzak ezagutzera emateko aurkezpenak eginen dituzte.