Hiru denboraldi egin zituen Osasunan jokatzen Joshe Viela iruritarrak, eta bertze hamazazpi prestatzaile fisiko gisa, horietatik azken bortzak Lehen Mailako taldearekin. Joan den irailaz geroztik, ordea, Mexikoko Estudiantes Tecos futbol taldeko prestatzailea da eta hasiera batean, denboraldi baterako kontratua du. Etxetik urruti egonagatik, lanean «ilusioz» ari dela dio, eta handik, Mexikoko bigarren hiria den Guadalajaratik, erantzun dizkio TTIPI-TTAPAri galderak. Futbolari lotuta orain arte egin duen ibilbidearen berri eman digu.
Ttikitatik izan du Joshe Vielak futbolerako afizioa, baina mutiko koskorra zela «denbora pasa» zena, denborarekin «gero eta formalagoa» bihurtu zen, eta gaur egun, «futbolak nire bizimodua markatzen du». Horrela aitortu digu iruritarrak. Mexikoko Estudiantes Tecos taldean dihardu prestatzaile fisiko lanetan, baina aitzinetik ibilbide luzea egina du futbolari lotuta.
Eskolan zebilela, «jolasaldietan eta denbora librean gehienetan hanka tartean baloi bat izaten genuen», eta eskolarteko txapelketetan parte hartzen omen zuten. Hortik Baztan Futbol Taldera egin zuen salto. «Hasieran, entrenamenduak eta lagunarteko partidak edo txapelketak egiten genituen. Eta kadete eta jubeniletan liga federatuetan aritu ginen». Bere futbolerako dohainez jabetuta, Osasunak begia bota zion, eta jubeniletako azken bi urteak talde gorritxoan egin zituen. Lehen Mailan 17 urterekin debutatu zuen. Baina lesioek ez zioten lagundu. Belauneko lesio larri bat tarteko, Osasunatik atera eta urte pare batez Baztanen ibili zen. Bertze lesio bat ere izan zuen eta futbolari izateari utzi zion.
Garai hura, kirolarekin lotutako ikasketak egiteko ere aprobetxatu zuen eta Gasteizen SHEE edo Soin Hezkuntza ikasi zuen. «Lesioetatik errekuperatu eta ikasketetan ahalegintzea izan zen nire lehentasuna». Gerora, lanean ari zela, Kiroletako Goi Errendimenduko Masterra eta Futboleko Prestakuntza Fisikoan Masterra egin zituen.
Unibertsitateko ikasketak akituta, Baztan Futbol Taldea entrenatzen hasi zen.1996/1997 denboraldian, berriz, Osasunatik eskaintza jaso zuen, jokalari gazteen prestatzaile izateko. «Hamar denboraldi pasatu nituen gazteekin, bi urte filialean eta azken bortzak Lehen Mailakoen prestatzaile». Beretako «arras esperientzia aberasgarria izan da, ikuspegi pertsonal eta profesionaletik, futbolaren alde anitzak bizitu ditulako: haur eta gazteen ilusioak eta negarrak, jokalari profesionalen ahaleginak, porrotaren ondorioak, bidaiak, futbol zelai xarmangarriak, lagun on eta lankide ugari ezagutu...». 17 urteren ondotik, ustekabean, Osasunarekin zuen kontratua eten egin zen: «klubeko teknikaria nintzen eta bukaerarik gabeko kontratua nuen. Klubak kontratua etetea erabaki zuenean, ez nuen ongi ulertu. Porrot haundia izan da. Uste dut klubeko betekizunetan baliogarria naizela, baina ez didate aukerarik eman».
Horrela etorri zen Mexikotik deia, Estudiantes Tecos taldeko prestatzaile fisiko izateko. «Nire formakuntzarekin segitzeko Irlandara joatekoa nintzen, baina irail hasieran Pako Aiestaranekin [Tecos-eko entrenatzailea] harremanetan jarri zidaten aukera honen berri emateko». Eskaintza «arras interesgarria» iruditu zitzaion: «familiarekin kontsultatu eta amen batean abiatzea erabaki nuen». Irailaren 6an lur hartu zuen Mexikon, Guadalajara hirian. Eta hantxe dago geroztik: «taldearen helburua Lehen Mailara igotzea da eta horretan tinko gabiltza».
Hemendik harat, «arlo aunitzetan aldea badagoela» erran digu, baina «lanerako oinarrizko baldintzak onak dira eta ilusio haundiz ari gara lanean». Egunerokoan ere aldaketa haundia izan dela dio: «hainbertze urtez nirekin lanean ibili diren lagunak, emaztea eta seme-alabak, senideak eta lagunak han gelditu dira». Bere lana, ordea, «modu beretsukoa» omen da: «lanbilerak egin, entrenamenduak antolatu, entrenatu, bidaiatu, futbola ikusi...». Horrela ibiliko da, guttienez, maiatzera arte, oraingoz denboraldi baterako kontratua baitu Tecos taldean. «Gero ikusi behar maila eman dugun, segitzeko eskaintzarik badugun... Gure etorkizuna eskuratutako lorpenak markatuko du».
OSASUNAKO URTEAK
«Arras esperientzia aberasgarria izan da, ikuspegi pertsonal eta profesionaletik, futbolaren alde anitzak bizitu ditudalako: haur eta gazteen ilusio eta negarrak, jokalari profesionalen ahaleginak, porrotaren ondorioak, lagun on eta lankide ugari ezagutu...»
KONTRATU ETETEA
«Osasunako klubak kontratua etetea erabaki zuenean, ez nuen ongi ulertu. Uste dut klubeko betekizunetan baliogarria naizela, baina ez didate aukerarik eman».
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!