Elizondoko Kasinoak eta Jorge Oteiza Museo Etnografikoak margo lehiaketa antolatu dute lehen aldiz. Urriaren 28an egindako lehiaketan hamasei margolarik parte hartu zuten eta horien artean Javier Igoa Alzugarai lesakarra nagusitu zen. Igoak gisa honetako lehiaketa aunitzetan hartu du parte eta irabazi ere egin ditu batzuk, Azagra, Oibar eta Beasainen, erraterako. Jose Mari Apezetxea, Ana Mari Marin, Tomas Sobrino, Jesus Sanz, Jose Mari Olaetxea eta Eduardo Zubikoak osatutako epaimahaiak 13 puntu eman zizkion Igoari. Bigarren postua, 12 punturekin, San Martin de Unxeko Jesus Ukarrentzat izan zen. Albert Sesma hirugarren izan zen (6 puntu), Itziar Muñoz laugarren (5 puntu) eta Jokin Telleria bosgarren (2 puntu). Kasinon prestatutako bazkari ederrarekin akitu zen Elizondoko lehen margo lehiaketa.