Proiektua geldiarazi duela jakinarazi du Aroztegia eta gero zer? taldeak

TTIPI-TTAPA 2013ko azaroaren 14a

«Garaipena ospatzeko» herri afaria eta gaualdia antolatu dituzte Elizondoko Gaztetxean hilaren 23an

Aroztegia eta gero zer? taldeak Aroztegiako «proiektu urbanistiko-espekulatzailea geldiarazi duela» jakinarazi nahi izan du pren­tsaurrean. Nafarroako Auzitegi Nagusiak elkarteak aurkeztutako errekur­tsoa ontzat eman eta aitzineko udalak eta Nafarroako Gobernuak onartutako Udal Planaren aldaketa bertan behera utzi du, horrela, Aroztegiako lurren kalifikazio-aldaketa bertan behera utziz. «Aroztegiako proiektua ez da egiten ahal; jokaldi espekulatzailea gelditu dugu. Zorionak, lekarozta­rrak; zorionak baztandarrak» diote.
 
Lehendabiziko momentutik lekaroztarren eta baztandarren gehiengoa proiektu espekulatzaile honen aurka agertu dela ere aipatu zuten agerraldian. Hala ere, «herri galdeketaren eta herritarren aurkakotasunaren gainetik lehengo Baztango Udalak, Nafarroako Gobernuak eta egunkari ba­tzuetako kazetariek Palacio de Aroztegiako interes espekulatzaileei amen erran diete. Botere egitura hori guztia garaitu dugu», jakinarazi dute prentsaurrean.
 
Proiektua geldiarazi duen epaiari buruz, lehenengo momentutik, Lekarozko Herriak hasieran eta Aroztegia eta gero zer? taldeak gero, behin eta behin jakinarazi eta salatu dutena: Aroztegiako baso-lurretan sutea izana zela eta legeak argi eta garbi dioela sua izandako lu­rren kalifikazioa ez dela hogeita hamar urtez aldatzen ahal. Modu horretan, Aroztegia eta Gero zer? taldearen ustez, «lehengo Baztango udalak eta Nafarroako Gobernuak modu guztiz axolagabean jokatu dute prozesu guztia alfe­rrik aitzinerat egitera u­tziz, administrazio publikoari dagokion jokabide arduratsuari bizka­rra emanik».
 
Alta, proiektuaren aurkako argudioak ber­tzelakoak ziren eta dira taldearen arabera, ez sutearena: «Aroztegiakoa oraingo krisiaren muinean dagoen proiektu urbanistiko-espekulatzailea zela, gauetik egunera 40 hektarea lurzoru urbanizaezin urbanizagarri bihurtzen zituela, nahiz eta Udal Planean nahi bertze lurzoru urbanizagarri egon; Baztango bizitegi beharrarekin deus ikustekorik ez duen etxeketa egitea aurrikusten zuela; praktikan Baztanen herri berria eginen luketela, hamaseigarren he­rria hain zuzen; nekazal lurrei buruzko presioa handituko lukeela… Hori guztia zen proiektua gelditu dugu».
 
Akitzeko, garaipen hau ospatzeko heldu den azaroaren 23an Elizondoko gaztetxean herri-afaria eta gaualdia antolatu dituzte eta, bertara, garaipena ospatu nahi duten guztiak gonbidatu nahi dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun