Oholtzaren ezker izkinari lotuta bizi dute Bertsolari Txapelketa Nagusia. Saioetako batean aurkezle, baina gai guztien erantzule direlako. Ikusle eta bertsolarien aitzinean aurpegia batek eman arren, hamabortz pertsonako lan taldeak erabakitzen dituelako txapelketako gaiak. Tartean dira eskualdeko bi gai-jartzaile. Ardura handiko lana izan arren, gazitik baino gozotik gehiago duela azpimarratu digute «zure lanari esker saioa aitzinera joan dela ikusteak hitzez azaldu ezin den sentsazio on bat ematen duelako».
E. IRAOLA | ELIZONDO
Nola bizi duzue txapelketa nagusia?
F.A. Oholtza gainean edo oholtzatik kanpo ez da berdin gozatzen. Aurkezle lanetan ari zarenean, bertsoaldian kontzentratu beharrean zure hurrengo lana duzu buruan eta ez duzu berdin aditzen saioa.
A.R.: Bakardade puntu bat ere nabari duzu, han goitian zu bakarrik zaude. Lan talde oso baten lana eramaten dugu oholtza gainera, baina edozer pasaz gero saioaren momentuan zu zara erantzulea. Ikusezinak diren detaile pila batetaz arduratzen gara, baten batean huts eginez gero, orduan bai konturatzen dela ikuslea edo bertsolaria.
Gaia zehazteko nola egiten duzue?
F. A. Euskal Herriko Txapelketa Nagusia antolatzeko udaberri aldean hasten gara elkartzen. Etxean gaiak prestatzen joan eta txapelketa hurbildu ahala astero elkartzen joaten gara. Gero saio bakoitzaren aitzinetik elkartu, gaiak kokatu, aldatu edota gai berriak proposatzen ditugu. Oreka egon behar du saio, ariketa eta orokorrean txapelketa osoan.
Gai aunitz geratzen dira bidean?
A.R.: Bakoitzak bilerara hogeiren bat gai ematen baditugu, aitzinera bortz joanen dira eta tartean geratuko dira zuretzat baliagarriak zirenak, baina taldekoen ustez, aproposak ez direnak.
F.A:. Taldea izanda, denok ados egon behar dugu. Gai batek taldeko bileran zalantzak sortzen baditu plazan ere zalantzak sor ditzake. Bilera bakoitzetik saio ona prestatu dugunaren konbentzimendu osoarekin atera behar dugu.
Bertsolariak gaiari ez diola ongi heltzen ikustean, zer sentitzen duzue?
A.R.:Buruari egiten diogun lehendabiziko galdera izaten da, ongi erran dut? Gero ongi idatzia zegoen, ongi formulatua zegoen? eta ikusten duzunean hori ongi zegoela, zure eskuetan zegoen guztia egin duzula... ba, ze pena!
Gaiak sortzerakoan zein dira iturriak?
F.A.:Aktualitateak eta norberaren edota ingurukoen bizipenek eragin handia dute. Horregatik gai jartzaile taldea osatzen dugunon arabera gai batzuk edo bertzeak entzuten dira saioetan.
Genero berdintasuna ere lantzen da...
A.R: Azken urteetan gizartean merezi duen garrantzia hartzen ari da gaia eta Bertsozale Elkartea ere lanketa berexia ari da egiten. Saiatzen gara ahal den guztietan kontuan hartzen. Orain, adibidez ez duzu adituko senar emazteak zarete, bikotea zarete erraten dugu. Bidea egiten ari gara, baina aitzinetik dagoenaren zama ezin da erabat ezabatu egun batetik bertzera. Pixkanaka pixkanaka lan egiten segi beharko dugu bai bertsolariek eta baita gai jartzaileok ere.
Zenbatekoa da Txapelketa Nagusiaren zama?
F.A.: Lan eta lan aritzen gara, baina ilusioz segitzen dugu eta gelditzen diren saioez gozatzeko gogoz gaude. Gure lana erronka bat da, ez da aunitzetan gehiegi baloratzen eta kritika onak baino txarrak normalki ozenago aditzen dira. Gaiak heldulekurik ez zuela, batzuentzat kartzelako gaia estuegi, bertzeentzat zabalegi… bertsolari eta entzule bakoitzaren arabera ere iritzi desberdina jasotzen dugu. Gu gure lana ahalik eta hobekien egiten saiatzen gara.
A.R.: Txapelketaren zurrubiloan sartzen zaren momentutik, badakizu hilabete luzeetako lana duzula aitzinetik, baina gustuko lekuan aldaparik ez da izaten. Batzuetan nekeza izan arren, zuk zure apur hori paratu duzula eta zure lanari esker ere saioa aitzinera joan dela ikusteak hitzez azaldu ezin den sentsazio on bat ematen du.