Aurten inoiz baino azienda buru gehiago sartu da Erdiz, Belate eta Lizartzuko herri-bazkalekuetan. Denera 154 nekazarik 784 behi, 369 behor eta 1.482 ardi buru sartu dituzte. Iaz herri-bazkalekuak erabili zituzten baserritarrak 140 izan ziren eta 719 behi, 403 behor eta 1.419 ardi buru sartu zituzten.
Datuak xeheago emanik, aipagarria da aurten Erdizko bazkalekua ia 100 nekazarik erabili dutela, aitzineko urtean 91 izan ziren; modu horretan, udan denera 500 behi buru pasa egon dira Erdizko larreetan; 2012an 487. Belaten, datuak iazko antzekoak izan dira eta Lizartzun hazkundea nabarmena izan da: aurten 24 nekazarik 73 behi, 126 behor eta 232 ardi buru sartu dtuzte eta iaz 15 baserritarrek 27 behi, 104 behor eta 220 ardi buru sartu zituzten.
LARREAK MINERALEZ ABERASTUAK
Bistakoa denez, herri-bazkalekuak Baztango nekazariendako oinarrizko baliabideak dira eta funtzio produktibo garbia dute. Gisa horretan, herri-bazkalekuen garrantzia kontuan hartuta Udalak larreak mineralez aberasteko eta iskindegiak errepasatzeko aurten 25.000 euro inbertitu ditu. Bertzalde, iaz Lizartzuko iskindegi guztia berritu zen eta 3 bazkalekuetan 20 hektarea inguru desbrozatu ziren.
Aurten bazkalekuak ibiltzen dituzten baserritarrekin udalak 4 bilera egin ditu eta minerala aldatzea (oraingoa ekologikoa da), behiekin batean bazkalekuetan 6 zezen ere sartzea eta seinale desberdinak jartzea adostu zuten.
Erdizen eta Belaten udako denboraldiak ekainaren 1etik irailaren 21era arte irauten du; ondotik zaldi-behorrak eta ardiak sartzen dituzte. Lizartzun berriz maiatzaren 15etik martxoaren 15era arte luzatzen da denboraldia.