Baztango Mintzoa idatziz nahiz ahoz ongi erabiltzeko gida argitaratu du Udalak

TTIPI-TTAPA 2013ko urriaren 31

Xabier Zabaleta irakaslea, Maite Lakar egilea eta Maitane Maritorena zinegotzia aurkezpenean. Juan Mari ONDIKOL

Maite Lakarrek osatu du eta paperezko euskarrian ez ezik euskarri digitalean ere zabalduko da

Baztango mintzoa erabiltzeko gida aurkeztu zuen urriaren 14an Udalak. Gida-liburuxka hau Baztango euskara, ahoz nahiz idatziz, ongi erabiltzen laguntzeko prestatu duten eskuliburua da. Izan ere, egunerokoan mintzatzean ibili ohi ditugun hainbat solas idazteko orduan baz­tertzen ditugu egokiak ez direlakoan eta horien ordez hedadura zabalagoa duten (baina ez gureak baino zuzenagoak diren) bertze batzuk ibil­tzera jotzen dugu.

Baztango mintzamoldea erabiltzeko gida erabilgarri honek bi helburu nagusi ditu: baztandarrei beren mintzamoldea, solasean nahiz idaztean, erabil dezaten segurtasuna ematea eta baztandarrak ez direnei hemengo euskararen ezau­garriak ezagutu eta balioesteko bidea ematea, beraiek ere erabiltzeari ekin diezaioten.

Baztango mintzoa erabiltzeko gida Udale­rriko eskoletako maisu-maistrendako eta institutuetako irakasleendako bereziki pentsatuta dago baina horiendako ez ezik Udal zerbitzuetako langileendako eta gure eskualdean jarduten duten hedabideetako erratari edo erredaktoreendako ere erabilgarria izan daiteke. Fun­tsean, Baztanen aritzen den eta hemengo euskara ongi erabili nahi duen orori gerta dakioke baliagarria.

Argitalpena paperezko euskarrian eta euskarri digitalean zabalduko da. Inprimatutako aleak udalerriko ikastetxeetan, udal zerbitzuetan eta hedabideetan partituko dira. Banaketaren helburua ez da ikasle, irakasle eta langile orok gidaren bere alea izatea, ikasgela, mintegi, administrazio edo zerbitzu atal bakoitzean liburuxka bat bederen egotea baizik. Inprimatutako aleren bat gehiago behar izanez gero, Baztango Udaleko Euskara Zerbitzuan eskatzen ahal da (telefonoz: 948 580 006; e-postaz: euskara@ baztangoudala.eu).

Euskarri digitaleko dokumentua Baztango Udalaren webgunean www.baztangoudala.eu dago eskuragai.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun