Frigoliburutegi ibiltaria herriz herri ibiliko da ikasturte honetan

TTIPI-TTAPA 2013ko urriaren 31

Frigoliburutegia, Amaiurko eskolan. Utzitako argazkia

Irakurzaletasuna sustatzeaz gain hondakinak murriztea du helburu

Baztango Udaleko Zaborren Batzordeak herrietako ikastetxe eta alkateekin elkarlanean “frigoliburutegi ibiltaria” egitasmoa martxan paratu berri du. Egitasmoak ikasturte bateko iraupena izanen du, guti goiti-beheiti, eta helburu nagusiak berrerabilpena eta prebentzioa izanen ditu, halaber, gure liburuak elkartrukatuz hauen biziraupena luzatu eta bide batez, hondakinak murriztea, hain zuzen.
 
Horretarako, hondaturik dagoen hozkailu bat berreskuratu eta erabilpen berria ematea da asmoa, denboraldi batez liburuen elkartrukerako balioko duen liburutegi bihurtuz. Ho­rrela irakurzaletasunari bultzada emateaz gain, etxean lekua betetzen eta hautsa hartzen ari diren liburuei bertze aukera bat emanen diete. «Guk gaurgero behar ez ditugun, irakurriak ditugun edota gustuko ez ditugun liburuak segur aski bertze norbaiten gustukoak izan daitezkeela eta beste batenak gure gustukoak. Beraz, etxean zahar­tzen utzi edota zaborretara bota ordez, hauen be­rre­rabilpena bultzatzeko proposamena» luzatu du Baztango Udalak.
 
Joan den urtean Nafarroako Gobernuak eta Ingurumen Baliabide Zentruak bultzaturiko ekimen baten bitartez, “frigoliburutegia” Balleko Etxeko atean eta Udal Liburutegian egon zen eta aurten Udalak berriz kaleratzea pen­tsatu du liburuak elkar­trukatzeko aukera Baz­tan osoko herritarrei zabalduz. Horretarako ikastetxeak erreferen­tzi puntu ezin hobeak direnez, eskola duten he­rrietan “frigoliburutegi ibiltaria” eskolen bitartez bideratuko da, eskolako atean paratuz eta herritar guztiei parte hartzeko aukera zabalduz. Eskolarik gabeko Baztango herrietan aldiz, egitasmoa alkalte eta herritarren bitartez bideratzeko asmoa du Udalak.
 
Lehendabiziko bi asteetan , “Frigoliburutegi ibiltariak” Amaiurren hasi du bere ibilbidea harrera arras onarekin eta ekainera bitarte Baztan osoko herrietan barrena ibiliko da, he­rri bakoitzean bi aste emanez eta haur, gazte eta helduen liburuak herri batetik bertzera garraiatuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun