Aroztegia eta gero zer? taldeak Aroztegiko «proiektu urbanistiko-espekulatzailea geldiarazi duela» jakinarazi nahi izan du prentsaurrean. Nafarroako Auzitegi Nagusiak elkarteak aurkeztutako errekurtsoa ontzat eman eta aitzineko udalak eta Nafarroako Gobernuak onartutako Udal Planaren aldaketa bertan behera utzi du, horrela, Aroztegiko lurren kalifikazio-aldaketa bertan behera utziz. «Aroztegiko proiektua ez da egiten ahal; jokaldi espekulatzailea gelditu dugu. Zorionak, lekaroztarrak; zorionak baztandarrak» diote.
«Proiektu espekulatzaile hau krisirat, oraingo langabezi eta gainbehera sozial egoerarat ekarri gaituen eredu ekonomikoaren adibide garbiena da» Aroztegia eta gero zer? taldearen erranetan. Hortaz egitasmoa geldiarazi duten honetan herritarrak antolatzearen balioa aldarrikatu nahi dute: «Proiektu ero eta burugabeen aitzinean herritarrak antolatzea beharrezkoa da, informazioa lantzea, eztabaida bulkatzea, borrokatzea, mobilizatzea… Garaipen hau horren guztiaren emaitza da. Antolatzeak merezi du, borrokatzeak merezi du, mobilizatzeak merezi du. Antolatuz eta borrokatuz irabazi daiteke eta irabazi dugu. Hori guztia honen irakaspenik handiena da, herritar guztiendako eta proiektu burugabe guztiendako balio duena. Animo eta antolatu!».
Lehendabiziko momentutik lekaroztarren eta baztandarren gehiengoa proiektu espekulatzaile honen aurka agertu dela ere aipatu zuten agerraldian. Hala ere, «herri galdeketaren eta herritarren aurkakotasunaren gainetik lehengo Baztango Udalak, Nafarroako Gobernuak eta egunkari batzuetako kazetariek Palacio de Aroztegiko interes espekulatzaileei amen erranen diete. Botere egitura hori guztia garaitu dugu», jakinarazi dute prentsaurrean.
Palacio de Arozteguíaren gibelean gero katakrak egin duen Caixa Galicia eta Baztango kapitalista handiak ibili direla diote taldetik: «Proiektu espekulatzaile hau kapital handiaren bertze jokaldia izan nahi zuen herritarren iritziaren gainetik, herritarren beharren eta interesen gainetik, bai ala bai egin nahi zuten proiektua zen. Baina herritarrek gelditu dugu».
Bertzetik, eta proiektua geldiarazi duen epaiari buruz, lehenengo momentutik, Lekarozko Herriak hasieran eta Aroztegia eta gero zer? taldeak gero, behin eta behin jakinarazi eta salatu dutena: Aroztegiko baso-lurretan sutea izana zela eta legeak argi eta garbi dioela sua izandako lurren kalifikazioa ez dela hogeita hamar urtez aldatzen ahal. Modu horretan, Aroztegia eta Gero zer? taldearen ustez, «lehengo Baztango udalak eta Nafarroako Gobernuak modu guztiz axolagabean jokatu dute prozesu guztia alferrik aitzinerat egitera utziz, administrazio publikoari dagokion jokabide arduratsuari bizkarra emanik».
Alta, proiektuaren aurkako argudioak bertzelakoak ziren eta dira taldearen arabera, ez sutearena: «Aroztegikoa oraingo krisiaren muinean dagoen proiektu urbanistiko-espekulatzailea zela, gauetik egunera 40 hektarea lurzoru urbanizaezin urbanizagarrian bihurtzen zuela, nahiz Udal Planean nahi bertze lurzoru urbanizagarri egon; Baztango bizitegi beharrarekin deus ikustekorik ez duen etxe multzoa egitea aurreikusten zuela; praktikan Baztanen herri berria eginen luketela, hamaseigarren herria hain zuzen; nekazaritzako lurrei buruzko presioa handituko lukeela… Hori guztia zen proiektua gelditu dugu».
Akitzeko, garaipen hau ospatzeko heldu den azaroaren 23an Elizondoko gaztetxean herri-afaria eta gaualdia antolatu dituzte eta, bertara, garaipena ospatu nahi duten guztiak gonbidatu nahi dituzte.