Elizondoko Kasinoak eta Jorge Oteiza Museo Etnografikoak margo lehiaketa antolatu dute lehen aldiz. Urriaren 28an egindako lehiaketan hamasei margolarik parte hartu zuten eta horien artean Javier Igoa Alzugarai lesakarra nagusitu zen, Elbeteko eliza eta Baztan erreka agertzen duen margolan batekin.
Javier Igoak gisa honetako lehiaketa aunitzetan hartu du parte eta irabazi ere egin ditu batzuk, Azagra, Oibar eta Beasainen, erraterako. Lesakako margolariak gustuko ditu lehiaketa hauek, «ezagun aunitzekin topo egiten duzulako, beraiekin solasten duzulako eta giro ederra sortzen delako».
Jose Mari Apezetxea, Ana Mari Marin, Tomas Sobrino, Jesus Sanz, Jose Mari Olaetxea eta Eduardo Zubikoak osatutako epaimahaiak 13 puntu eman zizkion Igoari. Bigarren postua, 12 punturekin, San Martin de Unxeko Jesus Ukarrentzat izan zen. Albert Sesma hirugarren izan zen (6 puntu), Itziar Muñoz laugarren (5 puntu) eta Jokin Telleria bosgarren (2 puntu). Kasinon prestatutako bazkari ederrarekin akitu zen Elizondoko lehen margo lehiaketa.