Urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, aurten ere ate joka ditugu Elizondoko Udazkeneko Feriak. Elizondoko Herriak antolatuta, urriaren 25ean eta 26an, izanen da aziendazale diren eta ez direnendako zita garrantzitsua, beti bezala, ortziral eta larunbatez.
Ortziralean, egun osoan, hainbat postu izanen dira Elizondoko karriketan barna. Joan den urtean, adibidez, 200 bat postu paratu zituzten. Aziendak izaten dira Elizondoko Ferietako bertze protagonistak eta ikusi edo traturen bat egin nahi duenak, goizean hasi eta eguerdira bitarte izanen du aukera Merkatuko Plazan. Makineria erakusketa ere eguerdira arte eginen da Merkatuko Plazan. Eta 12:00etan bertsolarien txanda izanen da.
Arratsaldean pilota jaialdi haundia
Arratsaldean, 17:15 aldera, profesionalen arteko bi pilota partida jokatuko dira pilotalekuan. Alde batetik, lau t’erdiko final zortzirenetako partida jokatuko da, Xala eta Elezkanoren artean. Pilota aukeraketa urriaren 23an, asteazken arratsaldeko 3:30ean eginen dute. Bertzetik, Juan Martinez de Irujo eta Iñigo Paskual, Jon Jaunarena eta Jose Jabier Zabaletaren kontra ariko dira. Arratsean, Euskal Telebistak emanen du jaialdia.
Elizondoko Ferietan larunbatarekin ere izaten da zer ikusia eta zer erosia, eta aurten ere, egun osoan postuak karriketan barna egonen dira.