Lan hitzarmenaren alde eta murrizketen kontra agertu dira Zahar Etxeko langileak

TTIPI-TTAPA 2013ko urriaren 21a

Hiru urtez soldata igoerarik ez dutela izan salatu dute

Baztango Zahar Etxea lan hitzarmenaren alde, murrizketarik ez goiburupean elkarretaratzea egin zuten erresidentziako langileek urria­ren 1ean Elizondoko plazan.
Langileek aipatu zutenez, 2009an Patronatuak orduko udal kideek bultzatuta, Zahar-Etxearen gestioa  Idea e Innovación enpresaren eskuetan utzi zuten, langile Komitearen eta langileen iri­tziari en­tzungor eginez. Langileek diotenez, «ezin e­rran daiteke, urte hauetan langileen egoera hobetu denik, azken lau urteetan hitzarmena negoziatu dugunean, 3 urtez soldatak izoztu dizkigute eta behin baka­rrik izan dugu soldata igoera. Hau da 3 urtez langileok eros-ahalmena %2,5 galdu dugu. Gainera, 2012ko abenduko paga extra prorateaturik ordaindu digute, beraiek sinatu gabeko enpresa paktuari baldintzak aldatu ondotik».
 
Orain, Zahar-Etxeko langileek enpresa paktu bat dutenez eta Nafarroako hitzarmen sektorialik ez dagoenez gerentziari Zahar-Etxeko lan hitzarmen bat negoziatzea eskatu zioten. Enpresak hasieratik e­rran zuen negoziatu ahal izateko langileek soldata jautsiera onartu behar zutela, bertzela ez zegoela negoziaketarik. Honela, langileek mobilizazioetara jo behar izan dute eta azkenean negoziatzen hasi ziren. Enpresak, ordea, ez du bere nahietan gibelera egin eta soldataren %5eko jautsiera ezar­tzeko asmoa dauka. 
 
Langileek behin eta berriz jakinarazi dute ez dutela soldata jautsierarik eta lan baldintzak okertzerik onartuko, arra­zoi nagusi birengatik: «Lehen ere gure soldata ez zelako altua eta gainera orain murrizketekin oraindik eta baxuago delako horrek gure familietan suposatzen duenarekin eta gure lan baldintzen okertzeak gure agureek jasotzen duten atentzioan eragin negatibo nabarmena izanen duelako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun