Elizondoko Osasun Etxean hizkuntza eskubideak ez direla betetzen salatu dute

TTIPI-TTAPA 2013ko urriaren 21a

Zarandona medikuak dio «herritarrak euskaraz hartatuak izateko eskubidea ukaezina» dela. TTIPI-TTAPA

Osasunbideak euskaraz ez dakiten bi medikuri eman dizkie postuak

Lege eta dekretuek diotenez,  euskaldunek  osasun zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea dute. Egunerokoan ordea, ehunka herrita­rren hizkuntza eskubideak urratzen eta uka­tzen dira. Ezinbestekoa dena ez delako bete­tzen: medikuak euskaraz hitz egin edota ulertzea.
 
Elizondoko Osasun Etxeko egoerak jarri du gaia bertze behin ere mahai gainean. Irail hondarrean egin zen Baz­tango Osasun Kon­tseiluan salatu dutenez,  «Elizondon mediku euskaldunek ­utzitako lanpostuak, euskaraz ez dakiten profesionalen esku utzi ditu Osasunbideak». Gainera, lanpostu horietako bat bete­tzen duenak, Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte zaharren egoitzako gaixoen zainketa ere bere gain du. Egoera «la­rria»­ dela erran du Baz­tango Osasun Kon­tsei­luak eta kontua Nafa­rroako Parlamentuari jakinarazi eta esku har­tzeko eskatuko diotela adierazi dute «euskararen legea betetzea exiji­tuz».
 
XABIER ZARANDONA MEDIKUAREN KASUA
Baztango Osasun Kontseilu horretan, gonbidatu berezia izan zen Xabier Zarandona medikua. 2013ko ekainaren 11n, Elizondoko osasun etxean  lanpostu bat eskaini zioten, hain zuzen, zahar etxeko ardura ere bere gain zuena.  Postu horretarako beharrezko baldintza guztiak betetzen zituen Zarandonak, baita euskara maila ere, baina egun gutxiren buruan eta modu irregularrean lan eskaintza atzera bota eta   bertze mediku baten esku utzi zuten lanpostua, «euskaraz ez dakien baten esku». 
 
Bere kasu partikulara jakitera eman, baina gehienbat Osasunbideak hartutako erabakiarekin «euskarazko arreta jaso nahi duten biztanleen eskubideak bertan behera utzi direla» salatu nahi du medikuak eta gaiarekiko duten «sentiberatasun falta nabarmena» agerikoa dela. Gaineratzen du, «beraiek ezarritako perfildun lanpostuen iruzu­rrarekin jarraitzeko asmoa» dutela, «eremu linguistikoen beharrak kontuan hartzen badira zerbitzua ez dela nahikoa».  Kontuan izan behar da, Baztan udalerri euskalduna izaki, bertako bizilagunen %80 baino gehiagok dakiela euskaraz. Gainera, bertako hainbat herritarrek, batez ere pertsona helduek, zailtasunak dituztela erdaraz komunikatzeko». 
 
Ez da ahantzi behar gaixoarekin egiten den komunikazioa nahitaezkoa dela osasun arloko lanbideetan. Horregatik Zarandonaren ustez «komunikazioa arina eta ulerkorra izan dadin, gaixoak hobekien menpera­tzen duen hizkuntza ongi jakin behar du medikuak, helburua kalitatezko zerbi­tzua eskain­tzea bada». Arazoari irtenbidea emateko Osasunbidean erre­kurtsoa aurkeztu du eta erantzunaren zain dago, «behingoagatik legea betearaziko duten esperantzan». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun