Aurten udazkeneko besta den errotaren eguna berriz ospatuko da Baztanen. Izan ere, Baztan-Bidasoako erroten artean txandaka egiten den besta iaz Etxaideko errotan egin zen, Elizondon, eta horrek Lekarozeko Infernuko errotari eman zion lekukoa. Urriaren 19an eginen da besta, larunbatean.
Urriaren 15ean, astearte goizean Baztango Udaletxean, Maite Iturre, Turismo eta Merkataritza arloko zinegotziak, Infernuko Errotako Mikel Argaratek eta Bertizko Partzuergoko Izaskun Goñik, datorren larunbateko egitaraua aurkeztu zuten.
Bertan aipatu zutenez, «ekimen hau Baztan-Bidasoako haranetan gordetzen den ondasun etnografikoa azpimarratzen saiatzen da. Errotak, mendez mende ugari gure herrietan, ezinbertzekoak ziren eguneroko bizitzan».
Errotak kokatzen diren toki xarmantetara hurbiltzea merezi duela ere aipatu zuten, «izan ere, beti ura present dago, erreka dela edota kanala dela. Euren makinaria eta gordetzen duten tresneri guztia oso interesgarria da eta ekimen honekin gogoratu nahi da pertsona eta instituzioen ahaleginei esker bitxi hauek mantentzen direla eta bisitatzen ahal direla urtean zehar nahiz eta aurtego protagonistak ez dituen bisita gidatuak normalki eskaintzen. Horregatik larunbat honetan izanen dugu aukera bisita gidatu batetaz gozatzeko».
Larunbat goizeko 10:45ean Etxalartik errotara hurbildu nahi dutenek plazara hurbiltzen ahal dira, nondik auto espedizio bat aterako da errotaraino, goizeko 11:30ean eginen de bisitan parte hartzeko. Bertze aukera bat da oinez hurbiltzea, Juan Goñik natur adituak gidatuko duen taldean. 10:30ean Irigoiengo bordatik abiatuko da, 11:30ean errotan eginen den bisitarako ailegatzeko. Infernuko errotaren jabea den Joxemari Argaratek errotaren historia eta bere berrikuntza nolakoa izan zen kontatuko du.
11etatik 13:30era, Maria Mitxelenak taloak prestatuko ditu Etxebertzekobordan. Arizkungo txistulariek alaituko dute ekitaldia eta datorren urterako Urdazzubiko errotari emanen diote lekukoa.
Maite Iturrek gogoratu zuenez, «urrian Baztanek udazkenari beso zabalik ematen dio ongietorria. Hegaztien jardunaldiekin hasita, orain hilak 19an Errotaren Egunarekin, hilak 25an Elizondoko Udazkeneko azoka ospetsuarekin eta azaroaren 2an Kirikoketa Besta eginen da sagardoa egiteko eta bidea emateko ehizaren jardunaldi gastronomikoei».