Aurten inoiz baino azienda buru gehiago sartu da Erdiz, Belate eta Lizartzuko Baztango herri-bazkalekuetan. Denera 154 nekazarik 784 behi, 369 behor eta 1.482 ardi buru sartu dituzte aipatu lekuetan. Iaz herri-bazkalekuak erabili zituzten baserritarrak 140 izan ziren eta 719 behi, 403 behor eta 1.419 ardi buru sartu zituzten.
Datuak xeheago emanik, aipagarria da aurten Erdizko bazkalekua ia 100 nekazarik erabili dutela, aitzineko urtean 91 izan ziren; modu horretan, aurtengo udan denera 500 behi buru pasa egon dira Erdizko larretan; 2012an 487. Datuek erakusten dutenez Erdizek sekulako garrantzia du baserritarrendako eta gaur egun bere funtzio ekonomikoa eztabaidaezina da. Belaten, datuak iazko antzekoak izan dira eta Lizartzun hazkundea nabaria izan da zeren aurten 24 nekazarik 73 behi, 126 behor eta 232 ardi buru sartu baitituzte eta iaz 15 baserritarrek 27 behi, 104 behor eta 220 ardi buru sartu baitzituzten.
Bistakoa denez, herri-bazkalekuak Baztango nekazariendako oinarrizko baliabideak dira eta funtzio produktibo garbia dute. Gisa horretan, herri-bazkalekuen garrantzia kontuan hartuta Baztango Udalak larreak mineralez aberasteko eta iskindegiak errepasatzeko aurten 25.000 euro inbertitu ditu. Herri-bazkalekuetan bazkaz gain ura ere izaten da. Bertzalde, iaz Lizartzuko iskindegi guztia berritu zen eta 3 bazkalekuetan 20 hektarea inguru desbrozatu ziren.
Aurten bazkalekuak ibiltzen dituzten baserritarrekin udalak 4 bilera egin ditu eta bilera horietan minerala aldatzea —oraingoa ekologikoa da—, behiekin batean bazkalekuetan 6 zezen ere sartzea eta seinale desberdinak jartzea adostu zen.
Erdizen eta Belaten udako denboraldiak ekainaren 1etik irailaren 21erat irauten du; ondotik zaldi-behorrak eta ardiak sartzen dituzte. Lizartzun berriz maiatzaren 15etik martxoaren 15 artio luzatzen da denboraldia.