TURISMOA Udako balantze baikorra egin du Balleko Etxeak eta turista kopurua aunitz igo dela aipatu du

TTIPI-TTAPA 2013ko urriaren 4a

Behi azienda lehiaketarena ez ezik uda osoko balantze arras baikorra egin du Balleko Etxeak. «Kontuan izanda bizi dugun krisi ekonomiko larria, Baztango turismo sektoreak eutsi ez ezik, iazko emaitzak hobetu ditu» aipatu dute Maite Iturre eta Jon Elizetxe zinegotziek. Elizondoko Turismo Bulegoak aurten iaz baino askoz ere bisita gehiago hartu ditu: 2012ko uztailean 1.279 lagun etorri baziren, aurtengo uztailean 1.649 bisitari hurbildu ziren, hau da, iaz baino %28,93 gehiago; 2012ko abuztuan 2.380 joan ziren informazio eske eta aurtengo abuztuan, be­rriz, 4.615 lagun, hau da, iazko ia bikoitza (%93,91 gehiago, hain zuzen). Igoera nabarmen honen gibelean arrazoi ezberdinak daude, zinegotzien erranetan: «Baztanerat bai oporretan bai egun pasa hurbildu diren pertsonen kopuruaren igoera, Turismo Bulegorako seinalizazioa aurten hobetu izana eta bi hilabeteetan zehar egunero irekita egon izana goiz eta arratsaldez». Jatetxeek ere ongi lan egin dutela aipatu dute, «garai batean bezala».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun