Aurten 26. edizioa bete duen piriniar arrazako behien espainiar estatu mailako lehiaketa (aurten ez da enkanterik izan) egin zen Elizondon Merkatuko Plazan irailaren 21 eta 22an. Nafarroa eta Bizkaiako aziendek lortu zituzten sari gehienak eta omenaldi hunkigarria eskaini zitzaion lehiaketa hau eta piriniar arraza bultzatu zuen Juan Migel Bibi Agirre zenari. Arizkundarraren anaiak, Julianek, ohorezko joarea jaso zuen Garbiñe Elizegi alkatearen eskutik.
Euskal Herrian hazten diren aziendak izan ziren ikusgai Elizondon Sari gehienak Iurretako (Bizkaia) Jon Bikandik eta Arraitz-Orkineko Gregorio Iraolak eta Arraiozko Isabel Laurnagak jaso zituzten. Zehazki, arraioztarrak, 8 eta 12 hilabete arteko eta 12 eta 18 hilabete arteko urruxen lehen sariak eraman zituen.
Bi urte arteko zezenkoetan, lehen saria Erratzuko Juan Jose Iñarreak eskuratu zuen. Azienden ezaugarri egokienei dagokienean, bururik onena Arizkungo Mª Isabel Agirrek aurkeztutakoa izan zen.
GASTRONOMIA IBILBIDEA
Hirugarren urtez egin diren Gastronomia ibilbideko jardunaldietan 22 jatetxek parte hartu dute aurten. Sari nagusia, eskaintza onena duen jatetxeari emandakoa, Urdazubiko Montxo ostatuak eskuratu zuen. 40 kilo aretxe eta jardunaldia antolatu zuen Gourmet Imageren eskutik aholkularitza eta gastronomia argazki zerbitzua jasoko ditu. Elizondoko Futbolin ostatuak irabazi zuen bustirik onenaren saria, Iruritako Olari jatetxeak egin zuen pintxorik onena eta Elbeteko Oñaskak saldarik onena.