Elbeteko mutildantzan gertatutakoak iritzi kontrajarriak ekarri ditu

TTIPI-TTAPA 2013ko urriaren 4a

Emakumeak sartzean gelditu egin ziren

Elbeteko bestetan mutildantza dantzatzera sartu zen Baztango al­katea eta gainerako dantzariak gelditu egin ziren. Gertakari horrek soka luzea ekarri du. Elbeteko herriak eta bes­ta batzordeak alde batetik, Plazara Dantzara herri ekimenak bertzetik eta plazara sartu zirenek azkenik, euren iri­tziak azaldu dituzte. 
 
Elbeteko herriak eta Besta Batzordeak  diotenez, «zenbait presio eta dei telefoniko jasan behar izan ditu Plazara Dantzara Plataformaren aldetik», baina besten egitaraua osatzerakoan, «denen gustuak eta sensibilitateak islada­tzen saiatu gara, mutildantzetan denek dan­tzatzeko aukera emanez». Honela, egitarauak hau zioen: Santa Kruz egunean, goizean, Elbeteko Mutildantzarien saioa. 21etan, Baztango Mutil­dantzari taldearen emanaldia, eta azkenik ordu­tegi ofizialean, mutildan­tzak denendako. Mutildantza mistoaren aldekoek ere begi onez ikusi omen zuten egitarauan zehaztutakoa. Gero gertatukoaz, zera dio Elbeteko he­rriaren eta bes­ta batzordearen idatziak: «Per­tsona zenbait, ez dakigula partikularki edo norbaiten edo zerbaiten izenean azaldu ziren bestak izorra­tzera».
 
Elbeteko Herriak eta Besta Batzordeak diotenez, «elkarbizitza erres­petua eskatuz lor­tzen da baina, nola ez, aldi berean erabaki eta sentsibilitate desberdinak dituztenenganako errespetua izanik, eta ez ikusi ditugun larderiazko jarrera intoleranteekin, ezta inposizioaren bidetik ere». Gertatutakoa sentitzen dutela aipatu ondotik, «datorren urtean saiatuko gara, uzten badigute, besta ederrak antola­tzen» dio Bestetako Ba­tzordearen eta Elbeteko herriaren ida­tziak.
 
PLAZARA DANTZARA HERRI EKIMENAREN ERANTZUNA
Plazara Dantzara Ekimenak erantzun egin die bi erakunde horien «akusazio larriei», ez duela inolako presiorik egin erra­nez: «taldeak egindakoa informazioa ematea eta eskatzea, galdetzea izan zen, inondik ere ez presioa egitea. Gaur egun norbaitek presioa jasaten badu horiek plazetan libre dantzatu nahi duten emakumeak dira». Ekimenak harriturik ikusten du «nola Elbeteko herri­ak bere plazan duela bi urte eta aurten emakumeek, hemen bai, jasan behar izan dituzten irain, mehatxu eta eraso fisikoei buruz ez duen deus erran, ez du deus salatu eta ez ikusiarena egin du eraso hauek gerta zitezeela ahabidetuz».
 
Baztango Mutil Dan­tzarien taldea «bazter­tzai­lea» dela dio ekimenak, «espazio publikoaren erabilera partikular eta pribatiboa egiten du, nesken parte hartzea saihesteko helburu garbiarekin». Elbeteko he­rriak instituzio ofizial moduan «jokaldi baztertzaile horretan parte har­tzea kezkagarria eta onartezina» iruditzen zaio. Modu berean, eguerdian Elbeteko mutil dantzariek «modu esklu­siboan iaz hasi zuten dantzaldia agerian gelditu da neskek parte ez hartzea bertze helbururik ez zuela. Dantzara taldekoa ez zen gizonezko bat sartu zenean dantzak lasai segitu zuen. Emakumez­koa sartu zenean be­rriz, alde egin zuten dantzariek».
 
PLAZARA SARTU ZIRENEN IRITZIA
Mutildantza herriarena dela eta pribatizatzeko dagoen saiakeraren kontra daudela azaldu du prentsa aitzinean he­rritar talde batek. Beraiek ere zaindu, mimatu eta babestu nahi dutela ondare kulturala den mutildantza eta guzi ho­rregatik emakumeek ez dantzatzeko helburuarekin sortutako taldean sartu zirela Elbeten.Mutildantza ez dela gizonena bakarrik dio talde honek: «Mutil dantza herriarena da, denona, ikusle eta dantzariona, Zahar eta gazteena, gizon eta emaztekiena, gure kulturaren ondarea da. Eta hala denez gure ardura da babestea, mimatzea, zaintzea eta hori ezinezkoa da emakumeak, hainbatetan dantzen bizi iraupenaren eragile izan direnak, berriz diogu ezinezkoa da emakumeak baztertuta, emakumeak irainduta, emakumeen nahia mugatuta».
 
Taldeak dio ezin dela onartu herriarena den ondarea pribatizatzea eta pribatizazio horri gainera plaza publikoak eskaintzea. «Kolpatu eta iraindu, plazatik bor­txaz atera gaituztenak ezin dira herriarena den ondarearen jabe eta zaindari bihurtu» diote ida­tzian.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun