Baztango Zahar Etxea lan hitzarmenaren alde, murrizketarik ez goiburupean elkarretaratzea egin zuten erresidentziako langileek eta LAB eta ELA sindikatuko ordezkariek urriaren 1ean, astearte arratsaldean Elizondoko plazan.
Langileek aipatu zutenez, 2009an Patronatuak orduko udal kideek bultzatuta, Zahar-Etxearen gestioa enpresa pribatu baten eskuetan utzi zuten, Idea e Innovación enpresaren eskuetan hain zuzen ere. Langile Komitearen eta langileen iritaiari entzungor eginez utzi zen gestioa enpresa pribatuaren esku, enpresa honen kudeaketa esperientzia eman zen horretarako arrazoitzat eta honela Zahar Etxearen egoera hobetuko omen zen.
Baina elkarretaratzean aipatu zutenez, «ezin erran daiteke, urte hauetan langileen egoera hobetu denik, azken lau urteetan hitzarmena negoziatu dugunean, 3 urtez soldatak izoztu digutelarik behin bakarrik soldata igoera izan dugularik. Hau da 3 urtez langileok erosahalmena %2,5 galdu dugu. Bertzetik 2012ko abenduko paga extra prorateaturik ordaindu digute, beraiek sinatu gabeko enpresa paktuari baldintzak aldatu ondotik».
Orain, Zahar-Etxeko langileek enpresa paktu bat dutenez eta Nafarroako hitzarmen sektorialik ez dagoenez gerentziari Zahar-Etxeko lan hitzarmen bat negoziatzea eskatu zioten. Enpresak hasieratik erran zuen negoziatu ahal izateko langileek soldata jeitsiera onartu behar zutela, bertzela ez zegoela negoziaketarik. Honela, langileek mobilizazioetara jo behar izan dute eta azkenean negoziatzen hasi ziren. Enpresak, ordea, ez du bere nahietan gibelera egin eta soldataren %5 jeisteko intentzioarekin dago. Langileek behin eta berriz jakinarazi dute ez dutela soldata jeitsierarik eta lan baldintzen okertzerik onartuko, arrazoi nagusi birengatik: «Lehen ere gure soldata ez zelako altua eta gainera orain murrizketekin oraindik eta baxuago delako horrek gure familietan suposatzen duenarekin eta gure lan baldintzen okertzeak gure agureek jasotzen duten atentzioan eragin negatibo nabarmena izanen duelako».