Behi azienda lehiaketarena ez ezik uda osoko balantze arras baikorra egin du Balleko Etxeak. «Kontuan izanda bizi dugun krisi ekonomiko larria, Baztango turismo sektoreak eutsi ez ezik, iazko emaitzak hobetu ditu» aipatu dute Maite Iturre eta Jon Elizetxe zinegotziek.
Elizondoko Turismo Bulegoak aurten iaz baino askoz ere bisita gehiago hartu ditu: 2012ko uztailean 1.279 lagun etorri baziren, aurtengo uztailean 1.649 bisitari hurbildu ziren, hau da, iaz baino %28,93 gehiago; 2012ko abuztuan 2.380 joan ziren informazio eske eta aurtengo abuztuan, berriz, 4.615 lagun, hau da, iazko ia bikoitza (%93,91 gehiago, hain zuzen). Igoera nabarmen honen gibelean arrazoi ezberdinak daude, zinegotzien erranetan: «Baztanerat bai oporretan bai egun pasa hurbildu diren pertsonen kopuruaren igoera, Turismo Bulegorako seinalizazioa aurten hobetu izana eta bi hilabeteetan zehar egunero irekita egon izana goiz eta arratsaldez». Jatetxeek ere ongi lan egin dutela aipatu dute, «garai batean bezala».
Igoera hori zentzu kuantitatiboan ez ezik kualitatiboan ere positiboa dela uste dute: «turistek Baztanek eskaintzen dituen jarduera eta esperientzia anitzen inguruko informazio gehiago jasotzearekin hobeto ezagutzen dute gure bailara eta egiteko hainbeste gauza egonda, bueltatzeko atea zabalik geratzen zaie gehienei».
Gehienak Kataluniatik
Turismo Bulegoa bisitatu duten turisten jatorriari dagokionez, talde nagusia Herrialde Katalaniarretatik (Katalunia eta Valentzia) dator: uztailean, bisitarien %35,72a izan ziren, eta abuztuan %44,51a. Bigarren multzo garrantzitsua, %34,51a uztailean eta %33,76a abuztuan Estatu espainiarraren gainontzeko probintzietatik (euskal lurraldeak kanpo) dator, honen barruko %16,68a eta %14,73a hurrenez hurren Madrildik etorri zirelarik. Hirugarren tokian ditugu Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetako bisitariak, bereziki bizkaitarrak eta gipuzkoarrak, orotara %16,80a uztailean eta abuztuan %17,77a izan zirenak. Dena den, kontuan hartu behar da bereziki Euskal Herriko jende aunitz ez dela turismo bulegotik pasatzen ja aldez aurretik Baztani buruzko informazio aski duelako; beraz, Euskal Herria seguru aski bigarren edo lehen jatorria izan daiteke oro har hartuta. Azken multzoa Europa, Amerika eta Ozeaniatik heldu zirenek osatzen dute: turismo bulegoaren bisitarien %12,98a uztailean (San Ferminetako eragina hemen argia da) eta %3,97a abuztuan.
Ostatu ematen duten landetxe eta hoteletan eta jatetxetan ere balorazio ona egin dutela aipatu dute. Alojamenduei dagokienez, uda sasoiaren balorazio ona egiten dute, «kasu batzuetan uda uztaileko bigarren hamabortzaldira eta bereziki abuztura sobera murriztua gelditu den arren. Izan ere, abuztuan Baztango okupazioa praktikoki erabatekoa izan zen. Aldiz, irailean moteldu egin da bisitarien kopurua. Hortaz, zentzu honetan, aurrerantzean gure erronka jasotzen ditugun bisitak sasoitik kanpo etortzeko bultzatzea da». Jatetxeetan 2012an baino hobe joan da uda, «jende gehiago ibili da, eta jangelaren 3 txandak egin behar izan zituzten askotan jatetxe bat baino gehiagotan. Krisiaren ondorioz, menuak gero eta gehiago eskatzen dira, eta jendea exigenteagoa da, baina orokorrean oso ongi lan egin da, aspaldian bezala».
Uda akitzeko egin den Behi Azienda Lehiaketak ere zapore ona utzi du.