Lau urteko itxaronaldiaren ondotik, irailaren 29an Villabonan (Gipuzkoa) jarriko da martxan Bertso Txapelketa Nagusiko zurrunbiloa. 43 bertsolarik abiatuko dute ibilbidea, txapela beltzaren itzalaren bila. Tartean, eskualdeko hiru ordezkari izanen dira, lesakarrak hirurak: Eneko Fernandez, Erika Lagoma eta Xabier Silveira. Silveirak laugarrenez hartuko du parte Txapelketa Nagusian, Lagomak bigarrenez eta Fernandezek estreineko aldia izanen du.
Hamalau saiok osatuko dute 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Saio horietatik bakarra jokatuko da eskualdean, Elizondon, azaroaren 23an, baina finalaurreko saioa izanik, bertan abesteko txartela aurrez irabazi behar. Eskualdeko ordezkarien artean, Eneko Fernandez izanen da errima eta doinuekin dantzan aritu beharko duen lehena. Markina Xemeingo udal pilotalekuan urriaren 5ean jokatuko den kanporaketan abestuko du. Erika Lagoma eta Xabier Silveira berriz, elkarren arrimoan izanen dira, Altsasun urriaren 13an jokatuko den kanporaketan abestea egokitu baitzaie biei.
Sarrerak, internet bidez erosteko aukera izanen da www.bertsosarrerak.eu orrialdean eta baita aurrez zehaztutako salmenta puntuetan ere. Kanporaketako sarrerak, 10 euro balio dute, bazkideek 6 euro ordaindu beharko dituzte eta gazteek 4.
Saioz saio joango da argitzen, nor ariko den kantuan Maialen Lujanbiorekin batera, BECeko finalean. Bitartean, gozatu bertsozale!