Nafarroako Gobernuak LTD Lurreko Telebista Digitalaren sei kanal berri jartzea baimendu du: bi autonomiko eta tokiko lau, horietatik hiru Iruñerrian eta bat Tafallan. Hain zuzen, Xaloa Kultur Elkarteak lortu du Iruñerrian emititzeko baimenetako bat, telebista autonomikoa martxan jartzeari uko egin ondotik. Urtebete izanen du Xaloak Iruñerrian programazioa martxan paratzeko. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, astean 39,5 orduz herritarrendako saioak eskainiko ditu, euskaraz eta gaztelaniaz.
NAFARROA OSORAKO BI ESKAINTZA BERRI
Nafarroan libre zeuden bi kanal autonomikoak martxan paratzeko baimenak Abian Komunikazioa S.L. sozietateak eta Vaughan multimedia taldeak lortu dituzte.
Abian Komunikazioak eduki orokorreko NBR TV proiektua garatuko du. Vaughan multimedia taldeak, berriz, ingelesa ikasteko programazio tematikoa eskainiko du.
TOKIKO KANALAK
Xaloarekin batera, Hamaika Telebista Hedatzeko Taldeak eta Abian Komikazioa SL taldeak lortu dituzte Iruñerrirako baimenak. Hamaika Telebista tokiko hamar telebista-kate ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta hiru egunkari-talde ditu sustatzaile: Noticias (Diario de Noticias eta Deia argitaratzen dituena), Berria eta Hitza, eta EKHT (Gara eta Le Journal argitaratzen dituena). Eduki orokorrak proposatu dituzte, eta astean 131 orduan bere programazioa eskaitzea, euskara hutsean.