Lurralde Okupazio, Eredu eta Estrategiari buruzko bilerak antolatu ditu Baztango Udalak aste honetan

TTIPI-TTAPA 2013ko irailaren 23a

Basaburuan astelehenean, Erberean asteartean, Elizondon asteazkenean eta Baztangoizan ortzegunean

Baztango Lurralde Okupazio, Eredu eta Estrategiari (LOEE) buruzko bilera informatiboak antolatu ditu kuartelka Baztango Balleko Etxeak. Udalak abuztuaren 29an onartutako dokumentua azalduko zaie herritarrei. Dokumentua bi hilabetez izanen da jendaurrean Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, iradokizunak aurkeztu ahal izateko.

Baztango Lurralde Okupazio, Eredu eta Estrategiari (LOEE) buruzko bilera informatiboak antolatu ditu kuartelka Baztango Balleko Etxeak. Udalak abuztuaren 29an onartutako dokumentua azalduko zaie herritarrei. Dokumentua bi hilabetez izanen da jendaurrean Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, iradokizunak aurkeztu ahal izateko.

Lehenbiziko bilera irailaren 23an, astelehen arratsaldeko 7:00etan eginen da Berroetako Elkartean, Basaburuako bizilagunei zuzendua. Erbereko bizilagunek Iruritako Gizarte Bilgunean izanen dute hitzordua irailaren 24an, astearte arratsaldeko 6:30ean. Elizondoko bilkura irailaren 25ean, asteazken arratsaldeko 7:00etan eginen da Arizkunenea Kultur Etxean. Baztangoizako bizilagunek, azkenik, irailaren 26an, ortzegun arratsaldeko 7:00etan dute hitzordua Amaiurko Herriko Etxean.

 

Zer da LOEEa?

LOEEa Udalaren Hirigintza Planaren aitzinetik idazten da, eta hartan udalerria garatzeko estrategia zehazten da: lehentasunak, hazkunde-eredua, bertako baliabideen aprobetxamendua eta ahuldadeak gainditzea.

Gaur egun, Baztango LOEEa idazten ari da, eta abuztuaren 29ko osoko bilkuran agiri bat onetsi zen, sarri jendaurrean paratuko dena, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik. Hortik aitzinera eta bi hilabetez, egokitzat jotzen dituzuen iradokizunak aurkezteko aukera izanen dute baztandarrek.

Hirigintza Planaren aitzineko agiri horren gaineko argibideak nahi izanez gero, Baztango Udalaren webgunera jo behar da edo Baztanen eginen diren bileretako batera joan, azalpenak bertan emanen baitira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun