Amaiurko errebestak ospatu dituzte aste hondar honetan. Ohiko ekitaldiekin batera, Gazteluko mugarriaren inaugurazioa egin da, 1512-2012 Nafarroa Bizirik elkartearen eskutik. Hain zuzen, Nafarroako erresumako gazteluak egon ziren leku guztietan mugarriak jartzea da elkarte honen asmoa eta asteburu honetan Amaiurkoaren txanda izan da.
Larunbat eguerdian kalejiran abiatu zen jendetza Amaiurko plazatik gaztelu aldera, txistulari eta atabalarien laguntzarekin. Dantzariak, bertsolariak, musika ekitaldia eta kantariak izan ziren eta gero, mugarria agertu zuten.
Ekitaldiaren ondotik, zikiro-jatea izan zuten plazan, Mikel Salaberriren animazioarekin eta ospakizunak luze segitu zuen, besta ttikietan murgilduak baitzeuden amaiurtarrak.