Aurten 26. edizioa bete duen piriniar arrazako behien espainiar estatu mailako lehiaketa (aurten ez da enkanterik izan) egin da Elizondon Merkatuko Plazan asteburu honetan. Nafarroa eta Bizkaiako aziendek lortu zituzten sari gehienak eta omenaldi hunkigarria eskaini zitzaion lehiaketa hau eta piriniar arraza bultzatu zuen Juan Miguel Bibi Agirre zenari. Arizkundarraren anaiak, Julianek, ohorezko joarea jaso zuen Garbiñe Elizegi alkatearen eskutik.
Euskal Herrian hazten diren aziendak izan ziren ikusgai Elizondon Sari gehienak Iurretako (Bizkaia) Jon Bikandik eta Arraitz-Orkineko Gregorio Iraolak eta Arraiozko Isabel Laurnagak jaso zituzten. Zehazki, arraioztarrak, 8 eta 12 hilabete arteko eta 12 eta 18 hilabete arteko urruxen lehen sariak eraman zituen. Arraitz-Orkingo Gregorio Iraolak, berriz, hiru sari eraman zituen, 18 eta 24 hilabete arteko, 2 eta 3 urte arteko eta 3 eta 4 urte arteko urruxenak. Halere, Jon Bikandi bizkaitarra izan zen sarituena. Urruxetan, 4 eta 6 urte artekoetan eta 6 eta 8 urte artekoetan bereak izan ziren aurkeztutako behirik dotoreenak eta zezenkoetan ere, lau urtetik goitiko bere buru batek lortu zuen lehen saria. Horretaz gain, hiru bigarren sari eta laugarren bat ere eskuratu zituen.
8 eta 12 urte arteko behietan Burutaingo Jose Antonio Sorbet-ek lortu zuen lehen saria eta 12 urtetik goitikoetan, Orozkoko (Bizkaia) Leire Amundarainek.
Bi urte arteko zezenkoetan, lehen saria Erratzuko Juan Jose Iñarreak eskuratu zuen eta bi eta lau urte arteko zezenkoetan, Iurretako (Bizkaia) Maria Carmen Abendibar-ek.