Elbeteko mutildantzan gertatutakoaren inguruko sokak ez du etenik

TTIPI-TTAPA 2013ko irailaren 20a

Euren iritzia plazaratu dute Elbeteko herriak eta besta batzordeak eta Plazara Dantzara Herri Ekimenak

Elbeteko bestetan mutildantza dantzatzera sartu zen Baztango alkatea eta gainerako dantzariak gelditu egin ziren. Gertakari horrek soka luzea ekarri du aste honetan hainbat komunikabidetan eta orai, Elbeteko herriak eta besta batzordeak alde batetik eta Plazara Dantzara herri ekimenak euren iritziak azaldu dituzte. Heldu den astelehenerako prentsaurrekora deitu dute «talde baztertzailearen emanaldia ez gauzatzea posible egin zuten» herritar batzuek.

Elbeteko bestetan mutildantza dantzatzera sartu zen Baztango alkatea eta gainerako dantzariak gelditu egin ziren. Gertakari horrek soka luzea ekarri du aste honetan hainbat komunikabidetan eta orai, Elbeteko herriak eta besta batzordeak alde batetik eta Plazara Dantzara herri ekimenak euren iritziak azaldu dituzte. Heldu den astelehenerako prentsaurrekora deitu dute «talde baztertzailearen emanaldia ez gauzatzea posible egin zuten» herritar batzuek.

Elbeteko herriak eta Besta Batzordeak argitaratutako komunikatuak dioenez, «zenbait presio eta dei telefoniko jasan behar izan ditu Plazara Dantzara Plataformaren aldetik», baina besten egitaraua osatzerakoan, «denen gustuak eta sensibilitateak isladatzen saiatu gara, mutildantzetan denek dantzatzeko aukera emanez». Honela, egitarauak hau zioen: Santa Kruz egunean, goizean, Elbeteko Mutildantzarien saioa. Bederatzietan, Baztango Mutildantzari taldearen emanaldia, eta azkenik ordutegi ofizialean, hamarretan, mutildantzak denendako. Mutildantza mistoaren aldekoek ere begi onez ikusi omen zuten egitarauan zehaztutakoa. Gero gertatukoaz, zera dio Elbeteko herriaren eta besta batzordearen idatziak: «Pertsona zenbait, ez dakigula partikularki edo norbaiten edo zerbaiten izenean azaldu ziren bestak izorratzera».

Elbeteko Herriak eta Besta Batzordeak dioenez, «elkarbizitza errespetua eskatuz lortzen da baina, nola ez, aldi berean erabaki eta sentsibilitate desberdinak dituztenenganako errespetua izanik, eta ez ikusi ditugun larderiazko jarrera intoleranteekin, ezta inposizioaren bidetik» ere. Gertatutakoa sentitzen dutela aipatu ondotik, «datorren urtean saiatuko gara, uzten badigute, besta ederrak antolatzen» dio Bestetako Batzordearen eta Elbeteko herriaren idatziak.

 

Plazara Dantzara Herri Ekimenaren erantzuna

Plazara Dantzara Ekimenak erantzun egin die bi erakunde horien «akusazio larriei», ez duela inolako presiorik egin erranez: «Plazara Dantzara taldeak egindakoa informazioa ematea eta eskatzea, galdetzea izan zen, inondik ere ez presioa egitea. Gaur egun norbaitek presioa jasaten badu horiek plazetan libre dantzatu nahi duten emakumeak dira inongo zalantzarik gabe». Plazara Dantzara ekimenak harriturik ikusten du «nola Elbeteko herriak bere plazan duela bi urte eta aurten emakumeek, hemen bai, jasan behar izan dituzten irain, mehatxu eta eraso fisikoei buruz ez duen deus erran, ez du deus salatu eta ez ikusiarena egin du eraso hauek gerta zitezeela ahabidetuz».

Baztango Mutil Dantzarien taldea «baztertzailea» dela dio ekimenak, «espazio publikoaren erabilera partikular eta pribatiboa egiten du, nesken parte hartzea saihesteko helburu garbiarekin». Elbeteko herriak instituzio ofizial moduan «jokaldi baztertzaile horretan parte hartzea kezkagarria eta onartezina» iruditzen zaio Plazara Dantzara Herri Ekimenari. Modu berean, eguerdian Elbeteko mutil dantzariek «modu esklusiboan iaz hasi zuten dantzaldia agerian gelditu da neskek parte ez hartzea bertze helbururik ez zuela. Dantzara taldekoa ez zen gizonezko bat sartu zenean dantzak lasai segitu zuen. Emakumezkoa sartu zenean berriz, aldegin zuten dantzariek».

Plazara Dantzara Herri Ekimena prest agertu da behar den ororekin solasteko, «gure bestak, dagokien bezala, giro alai eta jator eta diskriminaziorik gabe gauza daitezen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun