Behi azienda pirenaikoaren lehiaketaren 26. edizioa asteburuan ospatuko da Elizondon

TTIPI-TTAPA 2013ko ira. 18a, 09:21

Joan den urtean sarituak suertatu ziren Baztango abeltzainetako batzuk. Artxiboko argazkia

Baztango mugak gaindituko ditu III. Gastronomia Jardunaldiak

Behi azienda pirenaikoaren nazio mailako lehiaketaren 26. edizioa eginen da irailaren 21 eta 22an Elizondon. Aurtengoan ez da enkanterik izanen, ez baitzuen arrakasta handirik izaten abeltzainen artean, baina bertze hainbat ekitaldi prestatu dituzte, baita III. Gastronomia Jardunaldiak ere.

Behi azienda pirenaikoaren nazio mailako lehiaketaren 26. edizioa eginen da irailaren 21 eta 22an Elizondon. Aurtengoan ez da enkanterik izanen, ez baitzuen arrakasta handirik izaten abeltzainen artean, baina bertze hainbat ekitaldi prestatu dituzte, baita III. Gastronomia Jardunaldiak ere.

Larunbat goizeko 9:00ak baino lehen sartuko dira aziendak eta ordu horretatik aitzinera hasiko dira txanda kalifikatzaileak. Lehenago, 08:30ean, Baztango aratxea ibilbide gastronomikoaren inaugurazioa eginen da. 16:30etik 20:00etara behi aziendaren erakustaldia eta komentatutako txanda kalifikatzaileak eginen dira. Igandeko egitarauari dagokionez, 9:00etatik 12:00etara azienda erakustaldi eta kalifikatze komentatuak eginen dira. 10:00etatik 14:00etara artisau feria eginen da. 11:30ean, Nafarroako aratxea eta Gorramendi gasna dastaketa. 12:00etan pintxo, salda eta busti lehiaketako sari banaketa. 13:00etan azienda lehiaketaren sari banaketa. Ekitaldiak akitzeko, aratxe pirenaiko baten zozketa eginen da.

Boluntarioek, enpresa iragarleek, Baztango Udalak eta ASPINA nahiz CONASPI elkarteek emaniko laguntzari esker egin dira Behi Azienda Pirenaikoaren XXVI. Lehiaketa eta Aratxearen III. Gastronomia Jardunaldia. Dirulaguntzarik ezean, gizarte zibilak burubelarri bultzatu du ekimena, eta azokaren garapenean laguntzen duten enpresa handiek, txikiek, abeltzainek eta beren familiek inoiz baino ekarpen handiagoak egin dituzte.

 

Aratxe pirenaikoak izen-abizenak izanen ditu

Ministerioaren Errege Dekretu berri batek etiketa bat erabiltzea onetsi berri du, “% 100 autoktonoa” eta, horrek, bertzeak bertze, haragi honen arraza bereizteko aukera emanen du saltokietan. Hori arrunt lagungarria izanen da aratxe pirenaikoa hazten duten abeltzainentzat eta, era berean, kontsumitzaileari informazio handiagoa emanen dio; erosleak, beraz, datu gehiago izanen ditu erosketa egiteko.

CONASPI-ASPINA edo Nafarroako Behi Azienda Pirenaikoaren salen elkarteko ordezkariek Adierazpen Geografiko Babestuaren (AGB) babespean segitzeko asmoa agertu dute (arraza Pirenaikoa AGBren % 85 baino gehiago baita), baina informazio gehiago emanda. Horrela, pentsatzen dute aintzat hartuko direla bai arraza hobetzeko egiten ari diren ahaleginak, bai azienda hori askatasunean edo erdi askatasunean hazteko baldintzak.

 

III. Gastronomia Jardunaldiak

Baztango Udalak eta Gourmet-image-k Aratxearen III. Gastronomia Jardunaldien inguruan antolaturiko ekimena da, eta sekulan baino parte hartze handiagoa izan da tabernen eta jatetxeen Ibilbidean. Lehen aldiz, gainera, Baztango mugak gainditu ditu. Olabetik Urdazubiraino, heldu den asteburuan, Azienda Pirenaikoaren Lehiaketa ikustera datozen bisitariek errezeta tradizionalak eta berritzaileak dastatzeko parada izanen dute ostatu eta jatetxe aunitzetan (22tan, guztira): saldak, “bustiak” eta “pintxoak”, guztiak ere osagai zaporetsu eta osasungarri horrekin eginak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun