Eneko Etxandi arraioztarrari egindako epaiketa epaiaren zain gelditu da

Ttipi-Ttapa 2013ko irailaren 16a

2011ko Iruñeko sanferminetan izandako istiluengatik 8 eta 7 urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen dute beretako

2011ko Iruñeko sanferminetan izandako istiluengatik, Fiskalak eta akusazio partikularrak 8 eta 7 urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu dute Eneko Etxandirendako. Udaltzainekin izandako kalapitan, aginteari eraso eta lesioak egin izana leporatu diote. Epaia bizpahiru hilabeteren buruan aterako dela jakinarazi du Arranbela Baztango Ezker Abertzalearen atariak.

Duela bi urteko sanferminetan, udaltzainekin izandako kalapitan aginteari eraso eta lesioak egin izanaz akusatuta, epaiketa izan zuen joan den astean Eneko Etxandi arraioztarrak, eta epaiketa hori epaiaren zain gelditu dela jakinarazi du Arranbela Baztango Ezker Abertzalearen atariak. 2011ko sanferminetan, uztailaren 7ko agintarien prozesioan istiluak izan ziren. Kalapita hartan bi udaltzain kolpatuak izan ziren.

Fiskalak eta akusazio partikularrak bi udaltzain horiek kolpatzea egotzi diote Eneko Etxandiri eta horregatik eta agintearen kontrako bi erasorengatik eta lesio deiltu batengatik 8 eta 7 urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu dute. Horrez gain, udaltzainetako bat kolpeen ondorioz, urte batez bajan egon zen eta orain, ezintasunarekin dagoela eta, Fiskalak 60.000 euroko kalteordaina eskatu du eta akusazio paritkulakarrak 80.000 eurokoa.

Eneko Etxandiren defentsak, bere aldetik, egun horretan Eneko ez zegoela han behin eta berriz azpimarratu du. Gertakariak izan eta hilabete guttira gertatu zenagatik deklarazioa hartzeko atxilotu zuten Eneko, eta han ere bertan egon zenik ukatu zuen. Hala, defentsak absoluzioa eskatu du.

Epaia bizpahiru hilabeteren buruan aterako dela adierazi du Arranbela atariak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun