Berandu bada ere, ezin aipatu gabe utzi Baztandarren Biltzarreko ospakizuna. Bero sargoriarekin eta jendetza haundiarekin ospatu zen uztailaren 21ean Elizondon Baztandarren Biltzarraren 50. edizioa. Orga apainduen lehiaketan, Berroetak aurkeztutako Frantsek erre ondoan elizaren inaugurazioa karroza izan zen irabazle –ikusi argazkian–. Bigarren saria Elizondoko Beti Zurrutak taldearen Arotzarena etxeko sutegia izan zen eta hirugarrena Elbeteko lehenbiziko telebistak, Valentina Tereshkova astronauta errusiarraren hegaldia irudikatzen zuena. Denera 23 orga aurkeztu ziren eta aunitzek 1963ean aurkeztu zutenaren irudikapena egin zuten. Desfilea eta gero, 1.500 lagun bildu ziren Merkatuko Plazako herri bazkarian.