Lekarozko gazteen aterpea Aspacek kudeatuko du datozen bortz urtetan ere

TTIPI-TTAPA 2013ko irailaren 6a

Nafarroako Kirol eta Gaztediaren Ins­titutuak berriz ere Aspaceri eman dio Lekarozko gazte aterpea kudea­tzeko ardura datozen bortz urtetarako. Kudeaketa hogei urtera ere luzatzeko aukera du, urtebeteko luza­penen bitartez. Aspacek hamar urte­ daramazki Lekarozeko aterpea kudeatzen eta inguruko 20 laguni lana ematen die, horietatik 17 ezintasunen bat dutenak.
 
Lekarozko aterpearen instalazioak urte osoan irekiak egoten dira eta 130 lagunendako tokia eskaintzen dute. Lotarako tokia ez ezik, jantokia­, kafetegia eta bilerak, solasaldiak edo jarduerak egiteko aretoak ditu. Aurten, ludoteka ere ireki dute, 3-11 urte arteko neska-mutikoei zuzendua. Eskaintza honekin, Baztanen eskola adinean dauden neska-mutikoek bere etxeko lanak egiteko, tailer eta jokoetan jolasteko edo urtebetetzeko bestak egiteko aukera ere izanen dute. Aterpean ostatu hartu eta umeak­ dituzten familia eta taldeek ere erabiltzen ahal dute ludoteka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun