160 bat lagunek Baztan eta Elizondoko alkateek jasotako heriotz mehatxuak salatu dituzte

TTIPI-TTAPA 2013ko irailaren 6a

Dozenaka lagun elkartu ziren Elizondoko plazan abuztuaren 29an, faxismoaren kontra eta mehatxuak salatzeko. Josune ITURZAETA

Uda honetan hainbat heriotz mehatxu jaso dituzte

Faxismoari stop, mehatxurik ez lelopean 160 lagun inguru bildu ziren abuztuaren 29an Elizondoko plazan, uda honetan Baztango alkate Garbiñe Elizegik eta Elizondoko alkate Mikel So­bri­nok jaso dituzten heriotz mehatxuak salatzeko.
 
Agrupacion de Nacionalistas Navarros delako taldeak sinatutako idatzien bitartez jaso dituzte heriotz mehatxuak Elizegik eta Sobrinok, herriko bes­tetan eta Baz­tanda­rren Biltza­rrean euskal preso politikoen eskubideen aldeko ekimenak baimendu edo babesteagatik, baita iku­rrina bezalako Euskal Herriko sinboloak defendatzeagatik ere eta Espainiako bandera ez jar­tzeagatik.
 
Agrupacion de Nacionalistas Navarros delako taldearen arabera, Baz­tango eta Elizondoko alkateek ez dute He­rriko Etxean Banderen Legea bete eta he­rrie­tako bestak erre­ibin­dika­zio politikoak egiteko aprobetxa­tzen dituz­te, eta ikurrina eta Euskal presoak Euskal Herrira­tzeko banderinak jartzen ditu adibidetzat. Arrazoi horiengatik, ANN tal­deak­ «uztail­aren 15ean egindako bileran, ahobatez heriotzera zigortu dituela» zioen lehen me­ha­txu-eskuti­tzak. Zigor hori ez bete­tzeko baldin­tza­tzat Ba­lleko udaletxean Espainiako bandera jar­tzea eta ikurrina ken­tzea eska­tzen zuten. Hurrengo mezuetan ere «mehatxuak berretsi» zituzten. Abuztuaren 13ko datarekin eskutitz baten bidez eta posta elektroniko bidez, bi idatzi hartu zituzten udaletxean, aitzineko gutuneko sinadura berarekin: Agrupacion de Nacionalistas Navarros. «Ikurrina kendu eta Espainiako bandera jar­tzeko» exijitu zieten eta are gehiago, gutunean inposatutako baldintza ez betetzeagatik abuz­tuaren 26tik aitzinera herio mehatxuak ai­tzi­nera eramanen zituztela ere idatzi zuten.
 
ERANTZUNAK
Mehatxuen berri eman zutenean, Bakar­txo Ruiz eta Xabi Lasa EH Bildu eta Aralar-NaBaiko Nafarroako parlamentariak Garbiñe Elizegiren ondoan izan ziren pren­tsau­rrekoan. Rui­zek adierazi zuenez, «az­ken hilabe­teotan EH Bildu­ren eta bere haute­tsion aurkako mehatxuak bi­de­r­katu bertzerik ez dira­ egin. Ministroen me­ha­txuak, epaileen me­ha­­­txuak, eta kasu hone­tan, reketeen mehatxuak. Ilegalizazio meha­txuez ari gara, baita heriotz meha­txuez ere. Zergatik eta euskal preso politikoen eskubideen aldeko ekimenak baimendu edo babesteagatik, baita iku­rrina bezalako Euskal He­rriko sinboloak defenda­tzeagatik ere». Mehatxu hauek guztiak «ez dira Bildu eta EH Bilduren hautetsien kontrakoak bakarrik, baizik eta EH Bilduk defendatzen duen ezkerreko proiektu soberanista bozkatu eta babesten duten hiritar guztien kontrakoak».
 
Joan den astean egindako agerraldian, be­rriz, Begoña Sanzbe­rro UPNko zinegotziak Bil­duren jarrera kritikatu zuen, mehatxu horien in­gu­ruan «estrategia» darabil­tela leporatuz. Gaineratu zuen, mehatxuen be­rri izanda­koan beraien elkartasuna adierazi ziela. Bildu­rendako «mehatxu ba­tzuk onak eta bertzeak txarrak» direla kritikatu zuen Sanzberrok eta «alderdikeria» egotzi zien: «Bertze zinegotziok mehatxuak jaso ditugu­nean ez dute hainber­tze­ko zalaparta egin».
 
BATZAR NAGUSIKO KIDEEN BABESA JASO DUTE ELIZEGIK ETA SOBRINOK
Mehatxu hauek onartezinak egiten zaizkie Ba­tzar Nagusiko kideei, «ez baitira alkate hauen aurkako mehatxuak bakarrik, baizik eta beraiek ordezkatzen dituzten herrien aurkakoak, beraz, baztandar guztien aurkako erasoak dira». Ikurrina Euskal Herriko ikurretako bat da, «Baztandarren Biltza­rra egunean eta herriko bestetan urteetan erabili izan dena eta baztandar gehiengoak herriko ikur bezala hartzen duena». Nafarroako Gobernuak ere iku­rrina jartzea debekatu nahi izan du eta Udala auzitegietara eraman du ikurrina jartzeagatik eta aldi berean «arrotza eta iraingarria egiten zaigun Espainako bandera jarrarazi nahi digute».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun