Elizondoko liburuzainak beharrezkoa den euskara mailarik ez duela salatu du UEMAk

Ttipi-Ttapa 2013ko irailaren 5a

Nafarroako Gobernuak liburuzain euskaldunak ez dituela bermatzen dio Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak

Nafarroako Gobernuak liburuzain euskaldunak ez dituela bermatzen erran du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak: «UEMAko udalerrietako udal liburutegietako arduradunek ez dute hizkuntza eskakizunik, euskara meritua baino ez da». Eta adibide gisa, Etxarri-Aranatz eta Elizondoko liburutegiak aipatu ditu. Baztango liburuzainak eta Baztango Udalak, beraien aldetik, Gobernuari eskaera egina diote, liburuzainak bere euskara maila hobetzeko klaseak hartu nahi dituelako, baina «Nafarroako Gobernuak oztopoak bertzerik ez ditu jartzen».

«Nafarroako Gobernuak ez ditu liburuzain euskaldunak bermatzen». Halaxe adierazi du UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Gaineratu du Nafarroako udalerri euskaldunetako udal liburutegietako arduradunek «ez dutela hizkuntza eskakizunik, euskara meritua baino ez dela». Egoera horrek udalerri euskaldun horietako liburutegietan euskaraz ez dakiten langileak ipintzeko aukera zabaltzen duela uste du UEMAk, eta horren adibide, Elizondo eta Etxarri-Aranatzeko liburutegiak aipatu ditu: «ez dute lanpostu horietan aritzeko beharrezko den euskara mailarik».

UEMAko udalerrietako hainbat liburutegi Nafarroako Liburutegi Publikoen Sarean daude, eta horien artean daude, Bera, Lesaka, Elizondo, Etxarri-Aranatz eta Leitzakoak. UEMAk gogorarazi du «Euskarari buruzko 15/1986 Foru Legearen arabera, Nafarroako zonalde euskaldunean daudela. Hortaz, euskara hizkuntza ofiziala da eta herritar guztiek, Administrazio Publikoekiko harremanetan, euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eta berek hautatuko hizkuntza ofizialean harrera izateko euskubidea dute».

UEMAko udaletan eta udalek ematen dituzten zerbitzuetan euskara lan eta zerbitzu hizkuntza bihurtzea lortu nahi du Mankomunitateak, eta horregatik «liburutegiko langileen hizkuntza gaitasunak udalerrietako egoera soziolinguistikoan duen eraginaz jabetuta, aipatu langileen hizkuntza eskakizuna ezartzea beharrezkoa dela uste dugu». Egoera horri irtenbidea emateko lanean hasi dela erran du UEMAk, eta Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza eta Nafarroako Administrazioko Funtzio Publikoko Sailari bilerak eskatu dizkio.

Baztanen kasuan, Euskarari buruzko 15/1986 Foru Legea indarrean jarri aitzinetik lanean ari zen Elizondoko liburuzaina. Honek eta Baztango Udalak Nafarroako Gobernuari eskaera egina diote, liburuzainak bere euskara maila hobetzeko klaseak hartu nahi dituelako, baina Baztandik adierazi dutenez, «Nafarroako Gobernuak oztopoak bertzerik ez ditu jartzen». ASNABI Nafarroako Liburuzainen Elkarteak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak behin baino gehiagotan jo dute Nafarroako Gobernura, egoera aldatzeko eskatuz: Nafarroa osoan liburuzainak euskaldunak izatea eskatzen dute, edo «guttienez legea betetzea, eremu euskaldunean liburuzain euskaldunak izatea eta eremu mistoan meritu bezala kontatzea». Eta horrekin batera, «jada beren lanpostua liburuzain bezala dutenentzat euskaldunizazioa bermatzea» ere nahi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun